BIM proiektuak ezartzeko eta kudeatzeko gida baten egile eta Berrilango negozio arduradun David Barco Morenok Donostian egindako Basque Tech Summit 2025 Kongresua zuzendu du, etxebizitzen sektorea ardatz hartuta. ASCONGI Gipuzkoako Eraikitzaileen Elkargoan egin zen inaugurazio-ekitaldia Datuaren eraldaketa etxebizitza eta aktibo sozialetan izenburuarekin. Bertan, Denis Itxaso Etxebizitza Sailburuak edota Virginia Elvira Adegiko sektore-koordinatzaileak hartu zuten parte, hainbat hizlari eta ehunka entzulerekin batera. Kongresuan administrazio publiko eta eraikuntzaren sektoreko ordezkariek etxebizitza eraikitzearen inguruan zer oztopo dauden identifikatu, ekintzak zehaztu eta estrategiak bateratzeko eztabaida mahaia eratu zuten.
Basque Tech Summit 2025 honetan jorratutakoa laburbildu dezakezu?
Hiru egunetan zehar garatu da Kongresua eta hainbat ekitaldi antolatu ditugu. Esaterako, besteak beste, BIM mahaia Espainiako hainbat tokitako administrazio publikoekin antolatu genuen. Bertan, teknologiaren ezarpena nola hobetu administrazio publikoan jorratu genuen, betiere Eraikuntza Proiektuen garapenaren eta Aktiboen operazio eta mantenuaren esparruak ardatz hartuta. 50 lagunek parte hartu zuten mahai horretan eta Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburu Denis Itxasoren parte-hartzea izan genuen jardunaldiaren inaugurazioan.
Zein ondorio atera zenituzten?
Ondorio interesgarriak atera genituen administrazio publikoen langileak teknologietan oinarrituta nola hezi jakiteko, eta eraikuntzako hornitzaileek (diseinua, arkitektura...) eskakizun gehiegi izan ez ditzaten kontuan hartu beharrekoak aztertu genituen. Adimen artifiziala ere kontuan izan behar dela ere aipatu zen. Bestalde, ostiralean ia 500 lagunek hartu zuten parte aurrez-aurre edo online formatuan: nazioarte mailako 30 hizlari aritu ziren jardunaldi osoan zehar, konponbide teknologikoak bilatu nahian, pertsonen bizitza errazteko xedez. Arreta berezia eskaini genion etxebizitzarekin lotutakoari egun bizi dugun arazoa kontuan izanik.
Lurraren azterketa arintzeko moduak bilatuz, garapen urbanistikoa nola kudeatu hobeto, nola automatizatu lizentzia urbanistikoak, nola digitalizatu eraikitako aktibo bat baina abandonatua izan dena etxebizitza degradatu gisa... etxebizitzak arrazoizko epe batean eskaintzeko moduak aztertzea izan zen helburua. Etxebizitza eredu berriek izango duten garrantzia bereziki azpimarratu zen, gizartea aurreratzen ari da eta bizirauteko moduen bila dabil: furgonetak, edukiontziak, zalantzagarritasun asko duten lursailetan kokatutako etxebizitza txikiak egokituz etab. Horren gainean ere eztabaida eman zen konponbideak aurkitzeko teknologiak nola lagundu dezakeen hizpide.
"BIM proiektuak ez du diseinua arinduko, askoz ere espezifikazio gehiago dituelako arkitekto batentzat, baina azkartuko du prozesu osoa: agente guztiekin kudeatuta %15-20 gutxitu daitezke prozesuon epeak"
Teknologiara itzuliz, zertan datza BIM (Building Information Modeking) proiektu bat zehazki?
Eraikitako informazio eredu bat da. Antzina proiektuak planoetan eta bi dimentsioetan lantzen ziren. BIM proiektu batean datu-base handi bat sortzen da eraiki, diseinatu edo mantenduko den aktiboaren gainean, etxebizitza bloke bat, esaterako. Horri esker, informazio asko atera daiteke, adibidez, aurrekontu bat lantzeko edota bideo bat egiteko. Dena oso bisuala da, hiru dimentsioek horixe bera eskaintzen baitute. BIM eredu horri esker, udalek prozesuak automatizatu ditzakete, eta eredu hori udalaren plataformara igotzen baldin bada, txosten urbanistiko askoz ere azkarragoa eman dezake.
Madrilgo Udalak, esaterako, badu jada proiektu bat prozesu hori automatikoa izan dadin. Egun txostenok emateko batezbestekoa 12-14 hilabetekoa dela kontuan izanik, asko aurreratuko litzateke BIM eredu batekin. BIM proiektuak ez du diseinua arinduko, askoz ere espezifikazio gehiago dituelako arkitekto batentzat, baina azkartuko du prozesu osoa: agente guztiekin kudeatuta %15-20 gutxitu daitezke prozesuon epeak. Baina agente guztiak jarri behar dira buru-belarri BIM metodologiarekin, hori oso inportantea da.
Nola lagun dezakete BIM proiektuek eta teknologia berriek etxebizitzaren egungo egoera zail honi aurre egiteko?
Gure gizartearen arazoa estrukturala da. Horrez gain, alderdi politikoa ere kontuan hartu beharra dago. Arazoak konplexutasun handiago du administrazio ezberdinek eskumenak dituztela kontuan izanda. Guk antzeman duguna zera da, modu errazean ezarri daitezkeela zenbait konponbide. Badira lursailari dagozkion konponbideak, eta beste batzuk eraikinekin lotutakoak. Lursailak eta eraikinak konektatzen dituzten teknologiak ditugu jada eskuragarri, era oso eraginkorrean. Esaterako, Kongresuan Bartzelonako metropoliaren zonaldearen konponbide bat aurkeztu zuten. Horri esker, diseinatzaileek eraginkortasun eta azkartasun maila oso altuarekin aztertu dezakete non eraiki daitekeen etxebizitzen eraikin bat modu egoki batean.
"Guk antzeman duguna zera da, modu errazean ezarri daitezkeela zenbait konponbide. Badira lursailari dagozkion konponbideak, eta beste batzuk eraikinekin lotutakoak"
Administrazio publikoen arteko lankidetza giltzarri izan daiteke?
Guk kongresuan bertan lankidetza-koherentzia bat eskatu dugu administrazio publikoen artean. Administrazioak zenbait datu-base partekatzen hasi beharko lirateke eta asko arindu dezakete arazo honen parte handi bat. Politikari batek lursailen, hiriaren eta etxebizitzen datu-base on bat baldin badu, zeinak esaten dion non dauden beharrizan gehiago edo zeintzuk diren lursail hoberena duten auzoak, non eraiki daitekeen azkarrago irisgarritasun kontuengatik edota non dauden etxebizitza industrialak ekoizten dituzten lantegiak, askoz ere erabaki azkarragoak hartu ahal izango lituzke. Datuak zehaztasun gehiagoz eman behar dira, ez da berdin 400.000 edo 700.000 mila etxebizitza falta direla esatea.