Davos: zatitutako mundu baten bilgunea

Gaur bukatuko da Davoseko World Economic Forum topaketa. Mundu osoko 2.700 agintari, enpresari eta eragile bildu dira alpeetako herrian ekonomiaren erronkei buruz hausnartzeko. Ingurune geopolitikoak eragindako zatiketaren isla izan dira bertan entzundakoak

2023ko Davoseko gailurra | Argazkia: World Economic Forum/Ciaran McCrickard 2023ko Davoseko gailurra | Argazkia: World Economic Forum/Ciaran McCrickard

Ohikotasunera bueltatu da Davoseko foroa. Alpeetako magaletara eskiatzara joandakoen joan etorriek bat egin dute munduko bazter guztietatik joandako 4.500 agintari eta enpresari nagusien bisitekin. Nazioarteko ekonomiaren egoera eta erronkak aztertzeko biltokia izan da Davos 1991tik eta hiru hamarkada hauetan munduaren bilakaeraren isla izan da. Biltzen hasi zenetik, duela hiru hamarkada, munduaren aldaketen isla izan da Davoseko foroa. Gaur bukatuko den edizioaren leloa horren erakusle da: “Kolaborazioa zatikatutako mundu batean” izenburupean antolatu dituzte aunitz hitzaldi, mahai inguru eta aurkezpen. Leloak argi erakusten du Koronabirusaren pandemiak eta, batez ere, Ukrainako gerrak eraldatutako munduaren egoera. Hainbat urtez globalizazioa eta merkatu librearen aldeko mezuek protekzionismoari, hurbileko produkzio kateei eta estatuen esku hartzeari bidea eman diete.

Protekzionismoaren itzala

Herrialde eta eskualde ekonomikoen agintari gehienek parte hartu dute Davosen. Europakoak ere bai. Bertan izan dira Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Espainiako gobernuko eta Frantziako errepublikako presidenteak, Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron. Hiru agintariak bat etorri dira Amerikako Estatu Batuek (AEB) abian jarritako protekzionismo kutsua duen legea kritikatzeko orduan. Abuztuan onartu zuen Joe Bidenen gobernuak “Inflazioa murrizteko legea” ( IRA). Legeak trantsizio energetikorako inbertsio handiak jasotzen ditu eta baita AEBn sortutako ibilgailu elektriko, bateria eta  energia berriztagarrien aldeko diru laguntzak ere bai, 369.000 milioi dolarrekoak. Donald Trumpek zabaldutako ildoa jarraitzen du legeak eta Europan alarma gorria piztu du Europan ekoiztutako produktuei, ibilgailuei besteak beste, kalte handia egingo dielako. Gauzak horrela bertako industria babesteko neurriak hartzeko eskatu zioten estatuburuek Europako Batzordeari 2022ko abenduan.

AEBk 369.000 milioi dolar jarriko ditu bertako ekoizpena suspertzeko. Europak ez du begi onez ikusi eta antzeko egitasmoa abiatu nahi du

Davos izan da neurrien berri emateko agertokia. Ursula von der Leyen Batzordeko buruak asteazkenean aurkeztu zuen Green Deal Industrial (industriarako hitzarmen berdea) egitasmoa. Etxe Zuriaren legeari Bruselak emandako erantzuna da eta zero isurketen lege industriala du ardatz. Proiektuaren finantzaketari dagokionez Von der Leyenek estatu-laguntzen inguruko araudia malgutzeko asmoa nabarmendu  zuen. Kide diren herrialdeek enpresei diru laguntzak ematea erraztea du helburu lege berriak.  Von del Leyenek proiektuaren ildo nagusiak baino ez zituen azaldu eta otsailaren hasieran xehe aurkeztuko zuela azaldu zuen.

Estatu laguntzen afera

Merkatu librearena izan da Davoseko foroak agerian utzi duen beste dogma bat. Estatuek merkatuetan eskurik ez hartzeko aldarria ahuldu du egungo egoera geopolitikoak. Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidenteak, esaterako, gehien irabazten dutenei zergak igotzeko aldarria egin zuen Davoseko oholtzatik eta gasaren prezioari muga ezartzeko neurriaren eragin positiboak nabarmendu. Estatuek enpresei emandako laguntzen inguruko eztabaida ere hizpide izan dute World Economic Forumeko kideek. Izan ere, Ursula Von der Leyenek estatu-laguntzen araudia malgutzeaz esandakoek oihartzun handia izan dute. Sanchez presidenteak, esaterako, estatu laguntzen araua aldatzeko eta burokrazia murrizteko deia egin zuen. Baina bada eremu honetan zuhurtziaz jokatzeko deia egin duena ere. Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko presidenteorde ekonomikoa, estatu laguntzen alorrean “doikuntzak” egiteko prest agertu da, baina ez “aldaketarik”. Gaur egun oso anitza da Europako estatuek laguntzen alorrean ezartzen dituzten irizpideak eta, hortaz, desorekak sortzeko arriskua dagoela uste du Dombrovskisek. Mahai gainean dagoen balizko aldaketa, baina, ez da lehena. Bruselak 2022ko martxoan aldatu zituen azken aldiz estatu laguntzen inguruko arauak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Bada, laguntzen % 77 Alemaniak eta Frantziak eman dituzte, Europako Batzordeak emandako datuen arabera. Bruselak Berlini 356.000 milioi euroko laguntzak emateko argi berdea eman zion eta Parisi 161.000 milioi. Gainerako estatuen artean laguntzen laurdena baino gutxiago banatu zuten. Araudia malgutzeak desoreka are gehiago sor lezake, merkatu bakarrean arazoak sortuz.

Merkataritza gerra berdea

Bloke ekonomikoen arteko talka ere agintarien diskurtsoen zehar lerroetako bat izan da Davosen. Aurtengo leloak berak zatiketa nabarmendu eta kolaboraziorako deia egiten badu ere eskualde ekonomikoen arteko gerra komertziala gori gorian dago. Kolorea, aldiz, berdea du. Larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio energetikoan murgildu dira herrialde gehienak inbertsio handiak burutuz. Hala. pandemiaren hasieratik estatu nagusiek energia garbiaren alde emandako laguntzak 1,2 bilioi euro baino handiagoak izan dira, Energiarako Nazioarteko Erakundearen datuen arabera. Deskarbonizazioarena hazkunde bizia izango duen eremu ekonomikoa da, 2023an % 18 handituko dena, BloombergNEFen kalkuluen arabera. Europa eta AEB pizgarri publikoetako lehia bizian sartu dira eta Txinak energia berriztagarrien proiektu erraldoia eraikitzeko lanak abiatu ditu, Mongolian 11.000 milioi dolarretako inbertsioa burutuz. Lehia gogorra izango da, protekzionismoan oinarritua baina aliantzetarako aukera ere emango duena.

Trantsizio energetikoak inbetsio handiak eskatuko ditu eta horrek blokeen arteko merkataritza gerra berria ekarriko du. Oraingoan, berde kolorekoa

Davosen bertan Von der Leyenek salatu du egun badirela hainbat monopolio energia berdeetarako beharrezkoak diren lehengaien alorrean. Hala, Europak Txinako litioaren % 98ko menpekotasuna duela nabarmendu eta alternatiben beharra nabarmendu du. Lehengai kritikoen kluba sortzea proposatu du Europako Batzordeko presidenteak, AEBekin batera, hornidura kateak sendotu eta dibertsifikazioaren alde egiteko. Txinari aurre egitea da proposamenaren helburua, merkataritza gerra eta blokeen estrategietan beste urrats bat emanez. Europak asko du jokoan trantsizio ekologikoaren lehian. Harreman industrial eta ekonomikoetan sortu zen Europar Batasuna. Egun, ordea, atzean gelditzeko arrisku handia dauka eta orain arte bere produktuak munduan barrena merkaturatzeko lagun izan duen globalizazioari ateak ezarri nahi dizkio, bere industria salbatu ahal izateko.

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK