Davoseko batzarraren paradoxa

Eztabaidarako eta elkarrizketarako espazio izan nahi du Davosek. Aldiz, munduaren norabidea eta WEFen urteroko asanbleak jaso ohi dituen kritikak aintzat hartuta, ez da giro munduko ekonomiaren ikurretako batentzat

Davoseko kongresuen zentroa. Bertan egiten da Munduko EKonomia Foroaren urteko batzarra| Argazkia: iStock
Davoseko kongresuen zentroa. Bertan egiten da Munduko EKonomia Foroaren urteko batzarra| Argazkia: iStock
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026eko urtarrilaren 19a - 05:30

Gaur bertan hasiko da WEF Munduko Ekonomiaren Foroak urtero Davosen egiten duen asanblea. Nazioarteko lider politikoek, enpresa lider nagusiek, hautaturiko zenbait erreferentziazko intelektualek eta kazetarik bat egingo dute beste behin Suitzako bainuetxe-hirian munduak dituen arazo larrienak aztertzeko. 2.500 parte hartzailetik gora. Eztabaidarako eta elkarrizketarako espazio izan nahi du Davosek, eta lelo bezala izango du Elkarrizketaren izpiritua. Baina mundua hartzen ari den norabidea ikusita, eta Davosek geroz eta kritika gehiago jaso dituela, tartean benetako konponbideak eskaintzeko gaitasun falta, baliteke munduko ekonomiaren ikurretako bat bere une ahulenetarikoan izatea. 

 

Asanblearen atarian, WEFek ezagutzera eman dituen txostenetako bi dira arrisku globalei dagokiona, eta kooperazioaren barometro globala. Bai bata, bai bestea egiteko, gobernuetako, negozioetako, esparru akademikoko edo gizarte zibileko 1.300 liderren eta adituren iritzia hartzen da abiapuntu. Eta horietan jasotzen diren datuek erakusten dute mundua Davosek eta WEFek ustez bilatzen duen horren kontra doala.

Geoekonomiaren borrokaren arriskua

Arrisku globalei buruzko 2025eko txostenean, liskar geoekonomikoak hirugarren arrisku nagusitzat jotzen zituzten galdetegian parte hartu zutenek. 2026ko edizioan, lehenengo postuan dira, %18k identifikatu baitu arrisku nagusi gisa. Ez da harritzekoa bi postu gora egin izana, Donald Trumpek boterera bigarrengoz iritsi zenetik hartutako erabaki politikoak ikusita. Estatuen arteko gerra armatuak %14k aipatzen ditu arrisku nagusitzat, lehenengo postutik bigarren postura salto egin ostean, baina mundu mailan bizi den tentsioa ikusita, datorren urtean berriz ere lehen postura igotzea ez litzateke harritzekoa.

 

Teknologiari loturiko kezkek ere gora egin dute 2026 hasten dugun honetan. Lehen aldiz TOP10ean kokatu dira AAri loturiko teknologiei (%4k aipaturikoak) eta zibersegurtasunari (%3k adierazitakoa) loturiko arriskuak, zortzigarren eta bederatzigarren postuetan hurrenez hurren. Hala ere, oraindik horien gainetik dira, 5. postuan, informazio falta eta desinformazioa, %7k aipaturikoa. Esan behar da, epe luzerako —2028rako— arriskuei erreparatuta ere liskar geoekonomikoak direla lehen postuan, 2023tik bertan zegoen informazio falta eta desinformazioa bigarren arrisku nagusitzat ikusten den bitartean. Baina esandako guztia esaldi bakar baten laburbildu beharko balitzateke, honakoa litzateke seguru asko: mundua "amildegi baten ertzean" dago, besteak beste urte luzez egonkortasun bat bizi izan duten instituzioak setiopean bizi baitira egun. 

Mundua "amildegi baten ertzean" dago, besteak beste urte luzez egonkortasun bat bizi izan duten instituzioak setiopean bizi baitira egun

Txosten horretan bertan, perspektiba geopolitikoari buruzko galderak ere plazaratzen zaizkie inkestatuei. %14k uste du bi superpotentziek menderatzen duten orden mundialera goazela, eta %12k uste du ordenaren berralineazio bat gertatuko dela superpotentzia alternatibo batek lideratuko duena. Azken horretan ez da zehazten nori buruz ari diren inkestatuak, baina intuitu daiteke Txina dutela buruan. Aitzitik, galdera horri gehiengoak norabide berdinean erantzuten dio: %68ren ustez polaritate anitzeko mundu batera goaz, zeinetan potentzia handi eta ertainen arteko lehia dagoen, eta lurraldekako arauak ezartzen dituzten. Brics herrialdeak hartzen ari diren pisuari erreparatzen ari daitezkeela pentsa liteke. Galdetegia noiz egin ote den zehazten ez bada ere, Trumpek Venezuelan egindako operazioaren eta Groenlandiara begira egin dituen mehatxuen ostean, galdera horren erantzunak aldatu ote litezkeen ikustea interesgarria litzateke. 

Kooperazioak behera egin du

Edozein kasutan, arrisku globalen txostenean jasotzen dena koherentea da kooperazioaren barometro globalean jasotzen denarekin. Kasu horretan, Munduko Ekonomia Foroko batzordeko kideek eta enpresariek emandako erantzunak bereizten dira. Eta mundu mailako egoeran, WEFeko batzordeko kideek kooperazioaren beherakada sumatzen dute oro har, eta txostenak aztertzen dituen bost elementuetan: merkatua eta kapitala, berrikuntza eta teknologia, klima eta kapital naturala, osasuna eta ongizatea, eta bakea eta segurtasuna. Berrikuntza eta teknologian antzeman da kooperazioan atzerapausorik handiena, eta ondoren merkatu eta kapitaletan. Bakeari eta segurtasunari dagokion kooperazioan, aldiz, erantzunak zatituagoak daude. Erdiak gutxi gora behera dio askoz kooperazio gutxiago dagoela, baina beste erdiak berdin mantendu edo areagotu dela. Deigarria hori ere, estatuen arteko konfrontazio belikoen beldurrak hartu duen tokia aintzat hartuz gero, baita, esaterako, Europak armak eros diezazkion Trumpek egindako presioaren ostean ere, muga-zergen mehatxuak tarteko. 

Esan behar da enpresariek emandako erantzunei erreparatuz gero, enpresen arteko kooperazio mailan oro har zifrak ez direla egoera geopolitikoaren ildo berekoak: gehiengo nagusi batek esaten du arestian aipaturiko bost elementuetan egoera lehen bezalakoa dela. Alegia, behintzat ez duela okerrera egin. Kooperaziorako foro ere izateko helburuari eutsi nahi badio Davosek, emaitza hori gakotzat jo daiteke.

Enpresariek emandako erantzunei erreparatuz gero, enpresen arteko kooperazio mailan oro har zifrak ez direla egoera geopolitikoaren ildo berekoak. Kooperaziorako foro ere izateko helburuari eutsi nahi badio Davosek, emaitza hori gakotzat jo daiteke

Testuinugurua dena izanik, aurtengoan Ukrainako Gerraren soluzioan aurrerapauso bat emateko espazio izan litekeela dirudi, aurreikusita baitago Trump eta Von der Leyen bertan biltzea gaiari buruz hitz egin eta eztabaidatzeko. Ikusteke dago emaitzarik eman ote dezakeen. Izan ere, kooperaziorako eta aurrera egiteko espazioa izan nahi badu ere, oso kasu gutxitan izan da Davos aurrerapausoak emateko goi bilera. 1988ko edizioan, esaterako, Grezia eta Turkiaren arteko bake adierazpen sinadura gertatu zen bertan, bi herrialdeen arteko tentsioak apaltzeko balio izan zuena. 2000ko hamarkadan txertoak finantzatzeko ekimen handiak martxan jarri zituen Bill Gatesek asanblea aprobetxatuta. Urte batzuk lehenago, 1993an Osloko Ituna —Israelgo gobernuak eta Palestinaren Askapenerako Erakundeak sinatutako nazioarteko hitzarmena, gatazkari amaiera ipini asmoz— sinatu ostean, Israelgo lehen ministroaren eta buruzagi palestinarren arteko elkarrizketa ekonomikoa errazteko ere balio izan zuen.

Azkeneko urteetan Palestinarekin gertatutakoak erakusten du testuingurua oso bestelakoa dela egun. Baita Trumpen mehatxuek ere. Eta gainera, kooperazioari buruzko txosteneko datuek ere erakusten dute herrialde arteko elkarlanean ez dela giro. Ez dirudi Davosek bilatu izan duen hori bilatzeko une aproposena bizi duenik.