• EKONOMIA
  • ‘Deeptech’ eremuan 5 milioi euroko inbertsioa egingo da Gipuzkoan

‘Deeptech’ eremuan 5 milioi euroko inbertsioa egingo da Gipuzkoan

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 'deeptech' teknologien eremuko proiektuak sustatu nahi dituzte

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 2a
Eg. 2025eko apirilaren 2a

5 milioi euroko inbertsioa iragarri dute gaur eginiko prentsaurrekoan Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Diru horrekin garapen fasean dauden start-up eta enpresa txiki zein ertainak finantzatu nahi dira, helburu izanik deeptech teknologien eremuan proiektu “berritzaileak” sustatzea. Hala, Kutxa Fundazioak 2,55 milioi euroko ekarpena egingo du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2,45 milioi eurokoa.

 

Aldi berean, iragarri dute Biozientzia Gipuzkoa Fundazioak Deeptek Gipuzkoa Fundazioa izena izango duela. Fundazioak biozientzien esparruko proiektuak sustatu izan ditu orain arte, baina izen aldaketarekin proiektua “diziplina berrietara hedatu nahi” da, hots, teknologia aurreratuetarantz: adimen artifiziala, teknologia kuantikoak, material berriak, bioteknologia, blockchaina…

Unai Andueza ekonomia sustapena eta proiektu estrategikoetako diputatuak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: “Urte asko daramatzagu biozientziaren oinarrietan lanean, eta garatzen ari diren teknologiak babesten jarraitu nahi dugu, gure jarduera-eremua zabalduz eta Gipuzkoako ekonomia eremu honetan indartuz”; gaineratu du deeptechen eremuan Gipuzkoa “erreferentziazko ekosistema gisa” finkatzea dela helburu.

 

Bestalde, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak nabarmendu du garrantzitsua dela kalitatezko proiektuak identifikatzea eta egitasmo horiei merkatura iristen laguntzea, betiere, “zorroztasunetik eta finantza baliabideak” emanda.