• EKONOMIA
  • Demografia, lehiakortasunaren aldagai ikusezina

Demografia, lehiakortasunaren aldagai ikusezina

Biztanleriaren zahartzeak, jaiotza-tasa txikiek eta migrazioak gero eta eragin handiagoa dute ekonomiaren garapenean. Espainiaren, Txinaren eta Japoniaren adibideak, besteak beste, biziki adierazgarriak dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Mikel Gaztañaga argazkia(1)
Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea
2026ko azaroaren 2a - 05:30

Lehiakortasuna aztertzen dugunean, oro har, berrikuntzan, esportazioetan, produktibitatean, inbertsioan edo lidergo teknologikoan jarri ohi dugu arreta. Aldagai garrantzitsuak dira horiek guztiak, zalantzarik gabe. Hala ere, badira hain oinarrizkoak izanik, edo agian horrexegatik, behar adinako arretarik eskaintzen ez diegun beste aldagai batzuk. Demografia da horietako bat.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Lurralde batean zenbat pertsona bizi diren, zer adin duten, zenbat haur jaiotzen diren, zenbat pertsona iristen diren edo zenbatek alde egiten duten: galdera horiek ezinbestekoak dira lurralde bateko ekonomia ulertzeko. Demografiak eragina du enpleguan, kontsumoan, enpresen sorreran eta zerbitzu publikoetan. Berak bakarrik ez du lurralde baten oparotasuna baldintzatzen, baina haren garapenerako aukerak mugatzen ditu.

Hiru adibide

Nazioarteko hiru adibidek lagunduko digute demografiaren garrantzia ulertzen.

 

Has gaitezen Espainiarekin. Azken urteotan asko hitz egin da Espainiako ekonomiaren bilakaera onaz, batez ere Europako beste ekonomia handi batzuekin alderatuta. 2025ean, Espainiako barne produktu gordina (BPG) %2,6 hazi zen; Alemaniakoa, aldiz, %0,2; Frantziakoa, %0,8; eta Italiakoa, %0,5. Baina horrek esan nahi al du espainiarrak gero eta aberatsagoak direla?

Erantzunak ñabardura batzuk eskatzen ditu. Hazkunde ekonomiko horren zati bat biztanleriaren hazkundeak azaltzen du, batez ere immigrazioak bultzatuta. Biztanle gehiago izateak langile gehiago, kontsumitzaile gehiago eta ekonomia handiagoa izatea dakar. Izan ere, 2025ean Espainiako BPGa %2,6 hazi bazen ere, biztanle bakoitzeko BPGa %1,6 inguru handitu zen. Beraz, ekonomia osoa eta biztanle bakoitzeko ekoizpena igo zen, baina ez erritmo berean. Demografiak alde hori ulertzen laguntzen digu.

Espainian ekonomia osoa eta biztanle bakoitzeko ekoizpena igo zen, baina ez erritmo berean. Demografiak alde hori ulertzen laguntzen digu

Japoniak bestelako adibide bat eskaintzen digu. Hamarkadetan zehar, Japoniako geldialdi ekonomikoaz eta "hamarkada galduez" hitz egin izan da. Eta datuek, lehen begiratuan, irudi hori berresten dute: 1998tik 2019ra, Japoniako BPG erreala %18,8 baino ez zen hazi; Estatu Batuetakoa, aldiz, %60,3.

Hala ere, Jesús Fernández-Villaverde, Gustavo Ventura eta Wen Yao ekonomialariek beste ikuspegi bat eskaintzen dute The Wealth of Working Nations artikuluan. Lan egiteko adinean dagoen biztanleria kontuan hartuta, emaitzak nabarmen aldatzen dira. Izan ere, 1998tik 2019ra, lan egiteko adineko pertsona bakoitzeko BPGa %31,9 handitu zen Japonian; Estatu Batuetan, berriz, %29,5. Adierazle horren arabera, beraz, Japoniaren hazkundea zertxobait handiagoa izan zen.

Nola azal daiteke kontraesan hori? Garai horretan, Japonian lan egiteko adineko biztanleria murriztu egin zen; Estatu Batuetan, aldiz, handitu. Horrenbestez, Japoniako BPG osoaren hazkunde apala neurri handi batean biztanleriaren zahartzearekin eta lan egiteko adineko pertsonen kopuruaren beherakadarekin lotuta dago. Demografia kontuan hartzeak, beraz, nabarmen aldatzen du Japoniako ekonomiaren bilakaeraz dugun ikuspegia.

Txinak hirugarren adibide bat eskaintzen digu. XX. mendearen amaieratik izan duen hazkunde ekonomiko ikusgarria erreforma ekonomikoei, industrializazioari, esportazioei eta nazioarteko merkataritzari lotu ohi zaie. Hala ere, bada gutxiago aipatzen den beste faktore garrantzitsu bat: “dibidendu demografikoa”.

Txinak hazkunde ekonomikorako baldintza demografiko paregabeak izan zituen hainbat hamarkadatan. Horrek dena azaltzen al du? Ez, noski

1960ko hamarkadan, Txinako emakumeek sei seme-alaba inguru izaten zituzten batez beste. Ondoren, ugalkortasuna azkar jaitsi zen: 1970ean emakume bakoitzeko 6,1 seme-alaba izatetik 1980an 2,7 izatera igaro ziren, seme-alaba bakarraren politika erabat ezarri aurretik. Beherakadak hurrengo hamarkadetan ere jarraitu zuen: 2000. urtean 1,6 ingurukoa zen, eta 2025ean, 1,02koa.

Horrek aldaketa izugarria eragin zuen: belaunaldi erraldoiak lan egiteko adinera iritsi ziren, eta, aldi berean, haien ardurapean zeuden haurren kopurua murriztu zen. 1982an, 15 eta 64 urte arteko pertsonak Txinako biztanleriaren %61,5 ziren; 2010ean, berriz, %74,5; ia 1.000 milioi pertsona! Urte horietan, lan egiteko adineko 100 pertsonako mendeko biztanleen kopurua (haurrak eta adinekoak) 63tik 34ra jaitsi zen.

Horrela, Txinak hazkunde ekonomikorako baldintza demografiko paregabeak izan zituen hainbat hamarkadatan. Horrek dena azaltzen al du? Ez, noski. Erreforma ekonomikoak, txinatarren lan-kultura eta ekintzailetasuna, edo epe-luzeko industria-planak ere oso garrantzitsuak (edo kritikoak) izan dira. Baina demografia Txinaren hazkunde ikusgarria ahalbidetu duen faktore garrantzitsuetako bat izan da. Gaur egun, ordea, biztanleria zahartzen eta murrizten ari den heinean, abantaila hori galtzen ari da.

Hiru adibideek erakusten dute demografia funtsezkoa dela garapen ekonomikoa ulertzeko. Hamarkadetan zehar, herrialde askok biztanleriaren hazkundea eta adin-egitura mesedegarriak izan dituzte. Nolabait, hazkunde demografikoa ia ziurtzat jotzen zen, eta horregatik ez zitzaion behar adinako arretarik eskaintzen. Orain, aldiz, egoera aldatzen ari da. Jaiotza-tasa txikiek, zahartzeak eta lan egiteko adineko biztanleriaren murrizketak gero eta presio handiagoa eragiten dute ekonomian. Horregatik, demografia gero eta garrantzitsuagoa da lehiakortasunaren gaineko eztabaidetan.

Eta zer gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan?

Eustaten arabera, 2025ean EAEk 2.218.210 biztanle zituen. 1981ean, berriz, 2,14 milioi inguru ginen. Hau da, lau hamarkada baino gehiagotan gure biztanleria %3,6 besterik ez da hazi.

Beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta, aldea nabarmena da. Epe berean, Madril 4,7 milioi biztanle ingurutik 7 milioitik gora izatera igaro da; Katalunia, berriz, 6 milioitik 8 milioitik gora. Valentziako Erkidegoak eta Andaluziak ere hazkunde handiak izan dituzte. EAEko biztanleria, aldiz, ia bere horretan mantendu da.

Gainera, azken urteotako biztanleriaren hazkunde txikia immigrazioari esker gertatu da. Jaiotza baino heriotza gehiago daude, eta kanpotik iristen diren pertsonek konpentsatzen dute alde hori. 2024an, esaterako, jaiotzak baino 9.500 heriotza gehiago izan ziren; migrazio-saldoa, aldiz, positiboa izan zen, 21.000 pertsona ingurukoa. 2025ean ere migrazio-saldo positiboa izan genuen, 20.500 pertsona ingurukoa. Migraziorik gabe, EAEko biztanleria murrizten ariko litzateke.

Immigrazioak gure biztanleriaren tamaina ez ezik, adin-egitura eta osaera ere aldatzen ditu

Bigarren ezaugarri nagusia zahartzea da. 2025ean, EAEko biztanleen %24,3k 65 urte edo gehiago zituzten; Espainian, berriz, %20,7k. Eta prozesu horrek aurrera jarraituko du. Eustaten proiekzioen arabera, 2036an adin-tarte horretako pertsonak biztanleriaren %29,3 izan daitezke. Hau da, gaur egun Japonian, munduko herrialde zaharrenean, dagoen proportzioaren antzekoa.

Hirugarren aldaketa biztanleriaren jatorrien aniztasuna da. 2025ean, EAEko biztanleen % 4 atzerrian jaiotakoak ziren; Espainian, berriz, %19,3. Gainera, iristen diren pertsonak, oro har, gazteagoak dira, eta gehienak lan egiteko adinean daude. Hortaz, immigrazioak gure biztanleriaren tamaina ez ezik, adin-egitura eta osaera ere aldatzen ditu.

Zer ondorio izan ditzake horrek gure lehiakortasunean?

Aldaketa horiek eragina izango dute ekonomiaren eta gizartearen arlo askotan. Bost erronka nagusi nabarmenduko nituzke.

  • Lehenengoa, lan egiteko pertsonen eskuragarritasuna. Baby boom belaunaldiko pertsonak erretiratzen diren heinean, gero eta zailagoa izango da industrian, eraikuntzan, garraioan, merkataritzan edo zerbitzu publikoetan lanpostuak betetzea. Langileak erakartzea, formatzea eta mantentzea gero eta kritikoagoa izango da.

  • Bigarrena, belaunaldi-erreleboa. Enpresa txiki, fabrika, saltoki eta nekazaritza-ustiategi askoren jabeak erretiro-adinera iristen ari dira, eta ez dute beti ziurtatuta jardueraren jarraipena. Jarduera ekonomikoa ez ezik, hamarkadetan garatutako ezagutzak, esperientzia eta harremanak galtzeko arriskua ere badago. Errotzearekin lotutako erronkak ere areagotu daitezke.

  • Hirugarrena, zaintzaren ekonomia. Gero eta zaharragoa den biztanleriak osasun-arreta, mendekotasun-zerbitzu eta zaintza gehiago beharko ditu. Horrek baliabide publiko gehiago eta zaintza antolatzeko modu berriak eskatuko ditu. Zerbitzu eta teknologia berriak garatzeko aukerak sortuko baditu ere, erronkak sekulakoak dira.

  • Laugarrena, gure dimentsio ekonomikoa eta lurralde-oreka. EAEk pisu erlatiboa galtzen jarraituko du biztanleria handitzen ari diren beste eskualde batzuekin alderatuta. Gainera, udalerri batzuek gero eta zailtasun handiagoak izango dituzte enpresak eta zerbitzuak mantentzeko. Beste batzuek, berriz, etxebizitza eta ekipamendu gehiago beharko dituzte.

  • Bosgarrena, integrazioa eta gizarte-kohesioa. Kanpoko jatorria duten pertsonek gizartean eta ekonomian duten pisua areagotu egingo da. Immigrazioaren hazkundea ekonomiarentzat positiboa den arren, erronka sozial eta ekonomiko berriak ere ekarriko ditu: etxebizitza, gizarte kohesioa, kultura aniztasuna, euskara, etab.

Horiek adibide batzuk besterik ez dira. Eraldaketa demografikoak manufaktura, kontsumo-ohiturak, etxebizitza-beharrak, babes sozialeko sistemak, eta belaunaldien arteko harremanak ere aldatuko ditu.

Dena den, erronka horiek guztiek ez gaituzte ikuspegi ezkor batera eraman behar. Erronkak handiak dira, zalantzarik gabe. Demografiak gure etorkizuna baldintzatzen du. Baina, etorkizuna, hein handi batean, gure esku dago. Gizakiaren ezaugarri nagusietako bat egoera berrietara egokitzeko eta erantzun berriak garatzeko gaitasuna da. Eta oraingoan ere badugu honetarako tartea.

Funtsezkoa izango da gure lurraldean bizi diren pertsonen gaitasunak hobeto aprobetxatzea, lan-merkatuan parte-hartzea handitzea, pertsonen prestakuntza eta lan-baldintzak hobetzea eta iristen direnen integrazioa erraztea

Esate baterako, automatizazioak, robotikak eta adimen artifizialak produktibitatea handitzen eta pertsona gutxiagorekin gehiago ekoizten lagun diezagukete. Era berean, funtsezkoa izango da gure lurraldean bizi diren pertsonen gaitasunak hobeto aprobetxatzea, lan-merkatuan parte-hartzea handitzea, pertsonen prestakuntza eta lan-baldintzak hobetzea eta iristen direnen integrazioa erraztea. Horretarako, enpresek, erakundeek eta gizarteak berak ere egokitu eta antolatzeko modu berriak garatu beharko dituzte. Ez daukagu lan makala!

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain