• EKONOMIA
  • 'Dena blokea dezagun' mugimenduak Macronen dimisioa eskatu du

'Dena blokea dezagun' mugimenduak Macronen dimisioa eskatu du

Hamarnaka manifestaldi, elkarretaratze eta blokatze ekintza iragan ziren asteazken honetan Frantziako estatu osoan. Mugimendua egituratzen ari da Ipar Euskal Herrian ere eta mobilizazio gehienak Baiona inguruan egin zituzten

Baionan atzo eginiko mobilizazioa | Argazkia: Franck Dolosor
Baionan atzo eginiko mobilizazioa | Argazkia: Franck Dolosor
Kazetaria
2025eko irailaren 11a - 06:30

Bruno Retailleau Frantziako barne ministro kontserbadorea pozik dago, bere hitzetan, ekonomia blokeatzeko mugimendu sortu berriak ez baitu bere helburua lortu, herrialdea geldiaraztea, alegia. 175.000 lagun besterik ez zirela karrikara atera, azpimarratu zuen bart jarduneko agintariak. Retailleauren ustez, egunaren eragina mugatua izan zen duela zazpi urte jaka horien lehen egunean baino 100.000 gutxiago bildu ziren eta. CGT sindikatuaren arabera, atzo 250.000 lagun atera ziren kalera herrialde osoan.

 

Asteazken honetan, blokatzeak, tira-birak eta istiluak izan ziren Frantziako hiriburu askotako tren geltokietan, zenbait fakultatetan edo Amazon enpresaren biltegien inguruan. Negarra eragiteko gasak botatzeaz gain, poliziak 473 lagun atxilotu, horietatik sei Baionan.

Batzuek begi txarrez ikusten dute bi urtez gehiago lan egin behar izatea erretiroen erreformarengatik eta beste ainitzek deitoratzen dute osasungintzaren desegitea

Manifestarien artean mota guztietako kezkak entzun ziren han eta hemen. Batzuek begi txarrez ikusten dute bi urtez gehiago lan egin behar izatea erretiroen erreformarengatik eta beste ainitzek deitoratzen dute osasungintzaren desegitea.

 

Mugimendu berria Ipar Euskal Herrian ere egituratzen ari da, eta atzoko protestak Baiona aldean kokatu ziren. Goizeko seietan zenbait manifestari bi gune blokeatzen saiatu ziren: Baiona hegoaldeko sarrera nagusia eta Angelun dagoen Dassault hegazkingintza enpresa erraldoia. Egun osoan ekintza gehiago egin zuten: trafiko mozketak, elkarretaratzeak eta manifestaldia Baionako karriketan barrena, 1.500 lagun bertan zeudela. Lapurdiko hiriburuan ez zen istilu larririk gertatu, baina tentsio handia izan zen egun osoan manifestarien eta poliziaren artean. Izan ere, zenbait agente bortizki aritu ziren herritarren eta kazetari batzuen kontra. Oro har, protestaren eragina nahiko mugatua izan zen atzo Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan. Manifestariek lan batzordeak sortzea eta larunbatean berriz biltzea adostu zuten bart Baionan egindako biltzar nagusi jendetsuan.

Herritarren ezinegona

Iker Etxepare PSko kidea oso kezkatua agertu zen Baionan egindako elkarretaratzean aldaketa eskatzen duten herritarrak entzunak ez direlakoan. Haserrea adieraztea baitezapadakoa dela zioen Lapurdiko hiri nagusiko herriko etxearen aitzinean.

“Frantziako gobernuak pobreei ordainarazi nahi dizkie aberatsei egindako opariak. Behar da hori gelditu jendeak ezin baitu gehiago jasan”, zehaztu zuen Jojo Malarin LAB sindikatuaren kideak. Deitoratu zuen Baiona aldean ere langile batzuek kalean edo beren ibilgailuetan lo egin behar dutela. “Lan egiten dute, baina ez dute aski bizitegia eskuratu ahal izateko. Akziodunen sakelak ongi betetzen dira; ezin da gehiago horrelakorik pairatu”.

Jacqueline Uhart Langileen Borroka taldeko kidea: “Jendea ez da bizitzen ahal oraiko hilabete sariekin. Langileekin mintzatu behar dugu gehiago elkarrekin zer egin dezakegun finka dezagun"

Herritarrek oinarritik antolatzen dutela beren burua sindikatu edo alderdietatik pasa gabe txalotu zuen Jacqueline Uhart Langileen Borroka taldeko kideak. “Jendea ez da bizitzen ahal oraiko hilabete sariekin. Langileekin mintzatu behar dugu gehiago elkarrekin zer egin dezakegun finka dezagun. Halere, beldur naiz horrelako mugimenduak errekuperatuak izatea noizbait”, azaldu zuen militante lapurtarrak.

ELB, LAB eta Alda taldeak atzoko mugimendua sostengatu zuten hedatzen ari den prekaritatea ez dutelako gogoko. Euskal Laborarien Batasunak gogoratu du legedia oztopoa dela maiz eta horregatik nekazaritzak ez dituela une oparoenak bizitzen. Parisen hartzen diren erabakiak kaltegarriak iduritzen zaizkie nekazaritza arloa, osasun publikoa eta ingurugiroarentzat. Bere aldetik, Aldak gogor kritikatu zuen familien laurdenaren esku daudela etxebizitzen %68. Babes ofizialeko etxe gehiago eraikitzera ere dei egin zuen Euskal Herrian bertan dauden milaka eskaerei erantzun ahal izateko.

“Lecornu ez da arazoa, kapitalismoa baizik”

Frantzian eta mundu osoan gobernuek baino gehiago kapitalistek dena zuzentzen dutela adierazi zuten zenbait manifestarik. Bestalde, ozen kritikatu zuten Emmanuel Macron errepublikako presidenteak Sébastien Lecornu lehen ministro izendatu izana. Agintari berria Macronen hurbilekoa da eta ministroa izan da beti 2017tik. Gizon diskretoa hogei urte bete baino lehen hasi zen politikan, eta azken hiru urteetan armadaren buruzagi nagusia izan da, aurrekontua igo duen ministeritza bakarreko nagusia, alegia. 39 urteko hautetsiari ehiza gustatzen zaio eta duela zenbait urte sexu bereko herritarren ezkontzaren kontra agertu zen. 

Manifestarien ondoan zebilela Baionako karriketan, Peio Dufau Lapurdi kostaldeko diputatuak erran zuen Lecornuren izendapenak ez duela deus aldatzen. “Macronen lagun hoberenetarik da. Hori kezkagarria da eta jendartea haserrea dago. Lehen karrikan nintzen maiz sindikalista moduan eta orain diputatu izanez ere garrantzitsua da gaizki eta haserre daudenen ondoan egotea”, zehaztu zuen ziburutarrak.

Agintari berria Macronen hurbilekoa da eta ministroa izan da 2017tik

Gerra ministroa gerra egitera datorrela argi dauka Jojo Malarin LABeko kideak. Sufimendua herritarrek ordainduko dutela iruditzen zaio. “Isilik egotea baino, hobe karriketan elkarrekin biltzea”, bota zuen bart LABeko ordezkariak. Eskuin eta ezker, politika berak egiten dituzte Jacquelin Uhart-en arabera. Gaur egungo agintariek Mundu Hirugarren gerra prestatzen dutela beldur dago lapurtarra. Izan ere, aurrekontu guztiak murrizten dituzte armadarena salbu. 

Frantzian aditu batzuek diote Lecornuk gaitasuna lukeela denbora berean elkarlanean aritzeko eskuin muturra eta sozialistekin. Marine Le Penek, ordea, adierazi du Lecornu “macronismoaren azken bala” besterik ez dela. Ezkerraren hitzetan, lehen ministro berriaren izendapena probokazio hutsa besterik ez da kontuan hartzen ez duelakoan azken hauteskunde legegileetan ezkerreko blokea izan zela garaile.

Frantzian aditu batzuek diote Lecornuk gaitasuna lukeela denbora berean elkarlanean aritzeko eskuin muturra eta sozialistekin

“Nik nahiago nuke hauteskundeak berriz egitea, eta ez ordezkari berri bat molde horretan izendatzea tarrapataka. Mahai baten inguruan bildu behar genuke aterabideak denen artean aurkitzeko. Gure leloa justizia fiskala da”, azaldu zuen Etxepare sozialistak. Mobilizazio lehen egun honen ondotik, aldarrikapen horiek guztiak behin baino gehiagotan plazaratzeko aukera izanen dute, sindikatuek deiturik manifestaldi gehiago eginen dituztelako Frantzian eta Ipar Euskal Herrian irailaren 18an eta urriaren 9an.