Adecco fundazioak, SEPEren datuetan oinarrituta, desgaitasuna duten pertsonen okupazioari buruzko datuak partekatu ditu. EAEn, kontratazioa % 32,3 handitu da urtebetean, eta 8.160 kontratu izenpetu dituzte guztira. Bestela esanda, pandemia aurreko datuak hobetzea lortu dute. Izan ere, iazko zifra 2019koa baino zortzi puntu hobeagoa izan da, urte hartan 8.095 kontratu izenpetu baitzituzten.
Nafarroan ere gora egin dute kontratazioek, %20,9, hain zuzen ere, 1.019 kontratu izenpetuta. Pixkanaka pandemia aurreko zifretara hurbiltzen ari dira: 2019an 1.055 kontratu izenpetu ziren, iaz baino % 3,4 gehiago.
Francisco Mesonero Adecco fundazioko zuzendariaren hitzetan, “euren kontratazioa bultzatzeko legeak lagundu egiten du, baita koronabirus garaian dibertsitatea, ekitatea eta inklusioa indartzeko politikek ere”. Horrekin batera, nabarmendu duenez, ”desgaitasuna duten profesional askok aurpegia eman zuten pandemiaren unerik gogorrenetan, besteak beste, banatzaile edo elikadura sektoreko manipulatzaile lanetan”.
2021eko igoera ikusita, Mesoonerok adierazi du 2022an “errekorra” lor dezaketela. Hala ere, oraindik ere badira hainbat erronka garrantzitsu haren ikuspuntutik. Izan ere, lan egiteko adina dutenen artean, soilik %35,9 ari dira lanean, beraz, % 64,1 ez da lanean ari. Besteak beste, “hutsune formatiboa” dagoela azaldu du gizartearen gainontzeko populazioarekin erkatuta. Horren ondorioz, “euren aukerak gutxitu egiten dira goraka ari diren sektoreetan aukerak lortzeko”, dio Mesonerok.
Era berean, lan merkatu orokorrean lan egiteko aukera gutxi dituzte egun. Nafarroan, desgaitasuna duten pertsonen % 78k babestutako esparruan lan egiten dute, alegia, Enplegurako Zentro Berezietan. EAEn zifra hori are handiagoa da: % 90ekoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta