• EKONOMIA
  • Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzak iragarri dira Hego Euskal Herrian

Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko laguntzak iragarri dira Hego Euskal Herrian

Bai Nafarroako Gobernuak, bai Eusko Jaurlaritzak enpresa eta erakundeentzako dirulaguntzen berri eman dute

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2025eko martxoaren 10a
Eg. 2025eko martxoaren 10a

Nafarroako Gobernuak, Cermin Nafarroan Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Erakundeen Batzordearekin lankidetzan, dibulgazio kanpaina berria aurkeztu du enpresek desgaitasuna duten pertsonak kontrata ditzaten. Kanpainan lagunduko du CEN patronalak. Helburu nagusia da enpresei informazioa helaraztea desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko dauden laguntzei buruz. Izan ere, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilariaren esanetan, “oraindik bidea dago egiteke”.

 

Eusko Jaurlaritzak ere inbertsioa egingo duela adierazi du gaur, hain zuzen, “desgaitasuna eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasun programetan”. Zehazki, Mikel Torres lehendakariordeak azaldu duenez, 6,5 milioi euro bideratuko dira aurten laguntza horietara (5,5 milioi euro langileen kostuak ordaintzeko eta milioi bat laguntza teknikorako).

Nafarroaren kasuan, datuak mahaigaineratu ditu Maeztu kontseilariak: Nafarroan 2023. urtean 36.317 ziren %33ko edo gehiagoko desgaitasuna zuten pertsonak, alegia, nafar guztien %5,4. Baina, guzti horietatik soilik 4.110 zeuden gizarte segurantzan afiliatuta, hau da, afiliatu kopuru totalaren %1,36. Hala, ondorioztatu daiteke desgaitasuna zuten pertsonen kopuru altuak ez zuela kontraturik.

 

Zifra horiei soluzioa emateko Nafarroako Gobernuak zenbait laguntza eskaintzen dizkie enpresei. Alde batetik, 7.500 eurora arteko dirulaguntza eska daiteke jardunaldi osoko kontratu mugagabearen kasuan. Kantitateak jardunaldi eta kontratu motaren araberakoak dira, baina gehigarriak daude kontratatuako pertsona emakumezkoa denean edo zailtasun bereziak dituenean. Iaz 64 enpresek eskuratu zuten dirulaguntza eta 114 pertsona kontratatu zituzten, ia 700.000 eurora iritsi zen inbertsioari esker.

Bestalde, finantzaketa plana dago desgaitasun handiagoa duten pertsonen kasuan beste enplegatu bat kontratatzeko, alegia, lanpostura egokitzen lagunduko dion pertsona espezializatuarentzako.

EAEren kasuan, Euskadiko Enplegu Zentro Berezietan 11.000 pertsona daude egun kontratatuta. Dirulaguntza gehigarriaren bitartez, “400 pertsona gehiagorengana iritsi nahi” da. Torresen ustetan enplegu zentro bereziek “egonkortasuna” eskaintzen diete hala behar duten pertsonei, eta bermatzen diete “beste lan ingurune batzuetan askotan aurkituko ez luketen segurtasun emozionala”. Laguntza horiez gain, Lanbidek 17,8 milioi euroko beste deialdi bat onartu zuen duela egun batzuk, zeina erakunde publiko zein pribatuek jaso ahalko duten, baita kooperatiba, fundazio eta bestelako erakundeek ere.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, aurreko urteetan dirulaguntza eskuratu duten enpresek “oso positiboki” (hamar puntutatik 8,19) balioztatu dute esperientzia, eta %97ak beste enpresei gomendatzen diete. Lana lortu dutenak ere pozik agertu dira, %88,5aren ustetan enpresak lagundu egin baititu “garapen pertsonala eta profesionala sustatzen”.