• EKONOMIA
  • Deustobarometroa: etxebizitza da EAEko biztanleen kezka nagusia

Deustobarometroa: etxebizitza da EAEko biztanleen kezka nagusia

Inkestatuen gehiengoak (%70) uste du beste itzalaldi bat gertatuko dela datozen sei hilabeteetan

Deustobarometroaren arduradunak | Argazkia: Deustuko Unibertsitatea
Deustobarometroaren arduradunak | Argazkia: Deustuko Unibertsitatea
2025eko ekainaren 20a

Deustobarometro Sozialaren udako edizioko emaitzak aurkeztu ditu gaur Deustuko Unibertsitateak. Inkesta sei hilabetean behin egiten da, eta EAEko datuak jasotzen ditu.

 

Azken txostenaren arabera, etxebizitza lortzea da gaur egun EAEko biztanleek duten kezka eta arazo handiena, %44k hala adierazi baitu. Ondorioz, arazoari aurre egiteko etxebizitza-politikei nota baxua jarri diete biztanleek, hots, hamar puntutatik 3,7.

Bigarren postuan osasun-arretari buruzko kezka kokatu da, nahiz eta zifra beheratu den, herritarren %36 kezkatzen baitu. Era berean, gora egin du Osakidetzaren balorazioak, 4,4 puntu jasotzetik 5,3ra igo baita. Bizitzaren kostua (%34), segurtasuna (%25) eta immigrazioa (%22) dira gehien aipatu diren gainerako kezkak.   

 

Apirilaren 28ko itzalaldiaz ere galdetu zaie inkestatuei, eta gehienen ustez (%70) “oso litekeena da” datozen sei hilabeteetan berriro ere gertatzea, eta, ildo beretik, %34aren ustetan mendekotasun energetikoa “mehatxu handia” da EAErentzat.

Bestalde, Pradales lehendakariaren gobernuak 4,7 puntuko balorazioa jaso du, eta herritarren bi herenek esan dute gutxi edo batere ez direla aldatu Iñigo Urkulluren gobernuaren politikak. Gobernu berriaren lehentasunak, inkestatuen ustez, osasuna (%26,3), autogobernua (%25,9) eta euskara (%25,3) izan dira.

EAEtik kanpora joanda, lurraldeko biztanleek uste dute Donald Trumpen gerra komertzialak eragin txarra izango duela, bai erosketak egiterako garaian (%91), bai energiaren prezioan (%90), baita euren lantokian ere (%66).