• EKONOMIA
  • ETEen dibertsifikaziorako 54 milioi euroko programa iragarri du Eusko Jaurlaritzak

ETEen dibertsifikaziorako 54 milioi euroko programa iragarri du Eusko Jaurlaritzak

Dibertsifika programak negozio-ildo, produktu, zerbitzu eta merkatu berrietara bideratutako inbertsioak lagunduko ditu

Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
2026ko uztailaren 2a - 14:00
Eg. 2026ko uztailaren 2a - 17:57

Eusko Jaurlaritzak Dibertsifika programa jarri du martxan, EAEko enpresa txiki eta ertainei (ETE) hazkunde handiko sektoreetara dibertsifikatzen laguntzeko. Ekimenak 54 milioi euroko aurrekontua izango du, eta helburua da enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna indartzea, negozio-ildo, produktu, zerbitzu eta merkatu berrietara bideratutako produkzio-inbertsioen bidez. Programa berria ETEen eraldaketa eta dibertsifikaziorako aurten abian jarritako 277 milioi euroko laguntza-sortaren barruan kokatzen da.

 

Laguntzek lehentasuna emango diete Euskadi 2030 Industria Planeko HAZI sektoreei lotutako proiektuei. Horien artean daude sektore aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak (adimen artifiziala, quantuma eta zibersegurtasuna barne), sare adimendunak eta biltegiratzea, baita erregai berriztagarriak ere. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 350 ETEk baino gehiagok egin dute programarako aurreeskaera, "enpresek dibertsifikatzeko erakutsitako interesaren erakusgarri".

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi du programaren bidez ETEek dibertsifikazioan inbertitzea sustatu nahi dela, "negozio-aukera berriak irekitzeko eta hazkunde txikiagoa duten sektoreen gehiegizko mendekotasuna murrizteko". Laguntzak industria-enpresei eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzu-enpresei zuzenduta daude, eta dirulaguntzak milioi bat eurokoak izan daitezke gehienez enpresa edo enpresa-talde bakoitzeko.

 

Zayerrek 18 milioi euroko dibertsifikazio-proiektua aurkeztu du

Programaren aurkezpena Gasteizko Zayer enpresan egin du Jauregik. Konpainiak Dibertsifika programaren barruan 18 milioi euro inguruko inbertsio-proiektua aurkeztu du, datozen hiru urteetan garatzeko. Egitasmoak industria-ahalmena handitzea aurreikusten du, pabiloi berri bat eraikitzeako eta energiaren nahiz sektore aeroespazialaren beharretara bideratutako ahalmen handiko makina-gama berri bat muntatutzeko asmoz. Horrez gain, instalazioak modernizatzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko hainbat jarduketa ere aurreikusten ditu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain