
Aurreko asteartean hasi zen Pantailak Euskaraz herri ekimenaren Pantailaldiaren bigarren edizioa, hots, euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa eta ekoizpena sustatzeko eta erakundeak mugiarazteko ariketa kolektiboa. Aurtengo leloa Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! guztiz aproposa da lerro hauetan garatuko dudanarekin. Euskal dokumentalgintzan aritua naizen aldetik, azken urteotako euskarazko zenbait dokumentali arreta berezia emateko une egokia dela begitantzen zait, eta, besteak beste, gure kulturaren transmisioari ekarpen handia egiten dioten hauetaz ari naiz: Bertsolaritik (Asier Altuna, 2011) hasita, Itoiz. Udako Sesioak (Larraitz Zuazo, Zuriñe Goikoetxea eta Ainhoa Andraka, 2025) filmeraino, Dantzatik (Telmo Esnal, 2018) eta Muga deitzen da pausoatik (Maider Oleaga, 2018) pasatuz.
Horiek guztiak ardatz bihurtu diren dokumentalak dira; bai formaren aldetik, dituzten ezaugarri zinematografikoengatik, bai mamiaren aldetik, film bakoitzak jorratzen duen kultur esparruaren erreferente bilakatu izanagatik: bertsoa, musika, dantza eta euskara, hurrenez hurren. Lau horietatik 2011n Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Bertsolariri erreparatuko diot. Urte hartan eta zine-jaialdi horretan ere, Martin Scorseseren George Harrison: living in the real world dokumentalaren aurkezpenean izan nintzen. David Tedeschi film horren editoreak hitza hartu zuen eta bezperan ikusitako Bertsolari goraipatu zuen. Are gehiago, New York-era bueltatutakoan, Scorseseri berari ikusteko esango ziola promes egin zuen.
Handik egun batzuetara Bertsolari ikusi nuen Bilbon. Emanaldia bukatu eta berehala, aldamenean nuen lagunak aitortu zidan lehen aldia zela euskaraz ez jakiteagatik lotsatuta sentitzen zela. Zer pentsatua eman zidan haren esanak, frogatzen zuelako, batetik, euskal kulturgintzaren urruntasuna euskal herritarren gehiengo handi batekiko, eta bestetik, zeinen garrantzitsuak diren horrelako dokumentalak, gure kulturaren nazioartekotzean ez ezik, haren biziraupenean ere.
Handik egun batzuetara 'Bertsolari' ikusi nuen Bilbon. Emanaldia bukatu eta berehala, aldamenean nuen lagunak aitortu zidan lehen aldia zela euskaraz ez jakiteagatik lotsatuta sentitzen zela
Argi dago Bertsolaritzak oso berezkoa duela ahozko transmisioa, eta film honek, Xabier Amurizak esango lukeen moduan, gure hitzaren kirol nazionalaren hainbat ertz jorratzen ditu. Hasteko, artxiboen, elkarrizketen eta birsortze poetikoan bidez, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakintzaren kontaketa egiten du; ondoren, 2009ko Bertsolari Txapelketaren jarraipena egiten du, non Maialen Lujanbiok Andoni Egañaren lekukoa hartuko duen eta historiako lehen emakume txapeldun bilakatuko den. Horrenbestez, transmisioa gorpuztu egiten da dokumentalean bertan.
Badira diotenek Pantailaldia bezalako ekimenak, borondate onez antolatuak izanagatik, gure ikus-entzunezkoetan gure hizkuntzak bizi duen larrialdi-egoeraren adierazle baino ez direla. Nire iritziz, berebizikoa da euskarazko kultur esperientziak bizitzeko espazioak sortzea. Pantailen hegemonia bizi dugun garaiotan, euskara eta euskarazko sorkuntza ezin dira alboratuak gelditu. Eta euskarazko dokumentalak ezinbestekoak dira gure herriaren identitatea osatzen duten esparru guztiak (izan dantza, bertsoa edota musika) erdigunean jartzeko. Gure historia eta istorioak guk kontatzen ez baditugu, beste batzuek kontatuko dituzte gure ordez.