Dolar taiwandar berria: zaharrak berri?

Asiako herrialdeko dolarra kinka larrian izan zen 1940ko hamarkada bukaeran, eta horregatik sortu zuten dolar taiwandar berria. Epe luzera, nahiz eta krisialdia ez izan aurrekoa bezalakoa, 'ekaitza perfektua' etor daiteke

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Taiwan Japoniako Inperioaren menpe egon zen 1945. urtera arte. Bigarren Mundu Gerran Japoniaren porrotaren ondorioz, Txinako Errepublikaren eskuetara igaro zen. 1946an, Taiwaneko Bankuak dolar taiwandarra plazaratu zuen lehenengo aldiz, yen taiwandarra ordezkatzeko asmoz, baina yen taiwandarraren pareko balioa zuena.

1940ko hamarkada bukaerako Txinako Iraultza Komunistak, ordea, hiperinflazioa sortu zuen Taiwanen, eta dolar taiwandarra beste moneta berri batekin ordezkatu behar izan zuten 1949an: dolar taiwandar berria (TWD). Dolar taiwandar berri batek 40.000 dolar zaharren balioa hartu zuen. Momentu hartatik aurrera de facto moneta ofiziala izan arren, 2000. urtera arte ez zen ofizialki txanpon ofiziala bilakatu.

Aliatu ekonomikoak Gerra Hotzaren testuinguruan

1949an komunistek Txina kontinentala irabazi zutenetik, Txinako Herri Errepublikaren eta Taiwanen arteko gerrak de jure jarraitzen du. Izan ere, ez da inolako armistizio edo bake itunik sinatu gaur arte. Testuinguruak Gerra Hotzekoa dirudi, eta Taiwango itsasarteko 1950ko eta 1990ko hamarkadetako krisiak salbuetsita, ez da inolako eskalada militarrik egon.

1990ko hamarkada hasieratik Txinako Herri Errepublika eta Taiwanen arteko harreman ekonomikoak oso estuak izan dira, eta, ondorioz, Taiwanek Txina kontinentalarekiko duen menpekotasuna areagotu egin da. Gaur egun, Taiwanek esportazioan oinarritutako ekonomia kapitalista dauka, eta murriztuz doa inbertsioetan eta kanpo-merkataritzan estatuak duen parte hartzea. Adibidez, oso nabaria da titulartasun publikoa zuten banku eta enpresa industrialen pribatizazio prozesua.

Sektore ekonomikorik nabarmenena goi-teknologia da, mikroelektronikaren produkzioa, hain zuzen ere. Taiwan Semiconductor Manufacturing Co. (TSMC) enpresa da ordezkaririk ezagunena

Sektore ekonomikorik nabarmenena goi-teknologia da, mikroelektronikaren produkzioa, hain zuzen ere. Taiwan Semiconductor Manufacturing Co. (TSMC) enpresa da ordezkaririk ezagunena, eta bere merkatu kapitalizazioa Taiwango BPGaren %90 ingurukoa zen 2021 bukaeran. TSMC erdieroaleak fabrikatzen dituen enpresarik handiena da mundu mailan, Intelen eta Samsungen aurretik. Bere bezerorik garrantzitsuenak dira Qualcomm, Nvidia, Apple, Microsoft edo Sony. TSMC konpainia taiwandarra den arren, baditu produkzio guneak Taiwanetik kanpo: haietako bi Txinan daude, Shanghai eta Nangingen, hain zuzen ere. Foxconn da taiwandar jatorria duen beste enpresa garrantzitsuenetariko bat. Gailu adimentsuen (telefonoak, tabletak…) muntaian espezializatuta dago, eta fabrika gehienak Txinan ditu.

Aliantza ekonomikoaren amaiera?

2022ko abuztuan Nancy Pelosi AEBko Ordezkarien Ganberako presidenteak Taiwanera egindako bisitaren ondorioz, Txinak maniobra militarrak hasi zituen Taiwango itsasartean. Maniobra horik, ordea, bukatutzat eman zituen Pekinek egun gutxira. Izan ere, konfrontazio militar zuzena ez da Txinaren estiloa.

Zigor ekonomikoak ezarri dizkio Asiako erraldoiak Taiwani, eskalada militarrak baino min handiagoa eragin diezaioketenak: Txinako Merkataritza Ministerioak zenbait material naturalen esportazioa galarazi du

Zigor ekonomikoak ezarri dizkio Asiako erraldoiak Taiwani, eskalada militarrak baino min handiagoa eragin diezaioketenak: Txinako Merkataritza Ministerioak zenbait material naturalen esportazioa galarazi du, esaterako, Taiwango eraikuntzan beharrezkoa den hondarrarena, baita fruta edo arrain freskoak bezalako produktu taiwandarren inportazioak bertan behera utzi ere.

Txinak dolar taiwandar berriaren gainbehera eragin dezake

Azken urtean, Txinak %50 handitu du goi-mailako txipen produkzio-gaitasuna. Horren erakusle da 2020. urtean (pandemia tarteko) 15.000 enpresa sortu izana erdieroaleen sektorean. SIAren (Erdieroaleen Industriaren Elkartea) ustetan, txipen industria txinatarrak mundu mailako salmenten %17ko kuota izango du 2024. urterako. Gainera, Txinak TSMCren bi fabrika bere lurraldean dituenez gero, teknologia hori baliatu dezake txipen merkatuan lider bilakatzeko.

TSMC bezalako erdieroaleen enpresek bereziki sostengatzen dute dolar taiwandar berriaren balioa dibisen merkatuetan. Hori dela eta, azken urteotan Txinak hartu duen estrategiak (batez ere Pekinek plazaratutako azken Bost Urteko Plan Industrialaren ondoren) TSMC pixkanaka jokoz kanpo utziko balu, arriskuan jarriko luke dolar taiwandar berriaren balioa, eta epe erdira edo luzera begira espero daiteke TWDak depreziazio handia pairatzea.

Txinak hartu duen estrategiak (batez ere Pekinek plazaratutako azken Bost Urteko Plan Industrialaren ondoren) TSMC pixkanaka jokoz kanpo utziko balu, arriskuan jarriko luke dolar taiwandar berriaren balioa

Txinaren estrategiaz haratago, gaur egungo testuinguru politikoan Taiwanek har ditzakeen zenbait neurriek eragin negatiboa izan dezakete monetarengan: Pelosiren bidaiaren ondorioz, Txinak egindako maniobra militarrek segurtasun nazionala lehenestera bultzatu dute Taiwan, eta gobernuak gastu militarra %14 igotzea proposatu du 2023. urterako. Gaur egungo inflazio maila moderatua den arren, tentsio politikoa luzerako badoa, eta gastu militarraren hazkundearen joera mantenduz gero, espero daiteke inflazio maila kontrolik gabe haztea. 1940ko hamarkadako hiperinflazio mailara heltzea zaila dela badirudi ere, ekaitza perfektua sortu daiteke TWDaren inguruan inflazio tasa altuak izan eta erdieroaleen sektorean garrantzia galtzearen ondorioz dolar taiwandar berria depreziatzetzen bada.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK