• EKONOMIA
  • Donostia ekonomiatik: langabezia baxu eta I+Ga gako

Donostia ekonomiatik: langabezia baxu eta I+Ga gako

Datu ekonomikoak onak izanda ere, Donostia Sustapenak eginiko Barometro Ekonomikoak argi uzten du erronka demografikoari aurre egiteko beharra duela hiriak

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak atzoko aurkezpenean | Argazkia: Donostia Sustapena
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak atzoko aurkezpenean | Argazkia: Donostia Sustapena
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko urriaren 23a - 09:10
Eg. 2026ko urriaren 23a - 09:10

Postaleko hiritzat jo izan da sarri Donostia. Baina begirada pixka bat zabalduz gero, hiriak duen jarduera ekonomikoan turismoaz eta ostalaritzaz haragoko begiradarekin egingo dugu topo.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Horixe erakusten du Donostia Sustapenak egindako Barometro Ekonomikoak, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak atzo bertan aurkezturikoa. 2025eko datuak ditu oinarri, eta horiek erakusten duten bilakaera ekonomiko positibo orokorrean bultzada nabarmena eman diotela ezagutzako zerbitzu intentsiboek. Errepasatu ditzagun gako nagusiak.

1. Langabezia, inoiz baino baxuago

Eustatek emandako datuak %5en kokatzen du iazko langabezia tasa. Serie historiko osoari erreparatuz gero, zifrarik baxuena da, baina gainera, Europako batez bestekoaren %1 azpitik dago. Langabezia Azken serie historikoei erreparatuz gero, Donostiako langabezia tasa inoiz baino baxuagoa da. 

 

Puntu horretara iristeko gakoetako bat kontratazio bolumena mantentzea izan da: 34.700 langileri egin zaie kontratua 2025ean, horietatik 19.415 emakume eta 15.270 gizonak; kontratu kopurua, berriz, 94.100ekoa izan da. Bigarren kasu horretan, guztizko bolumena iazkoaren %1,1 azpitik badago ere, beherakadak zerikusia du aldi baterako kontratuen %3,2ko murrizketarekin. Beste zenbaki positibo bat kontratazio mugagabeak utzi du, %1,6 hazi baita.

Eustatek emandako datuak %5en kokatzen du iazko langabezia tasa

Populazioaren profila aletuta, hazi egin da 35 urtetik beherakoen zein emakumeen kontratazioa, %2,5 eta %1 hurrenez hurren, gizonezkoena %3,6 jaitsi den bitartean. Kontratatutako guztien %22k atzerriko jatorria dute, iaztik %4 hazi dena. 

Hor aipatzekoa da lan baldintzetan generoaren araberako aldeak argiak direla oraindik: iaz kontratatu ziren emakumeen %50,3 jardunaldi partzialetan hasi ziren, eta %56,1 behin-behineko kontratuekin. Langabeen kasuan, %42,5ek derrigorrezko ikasketak amaituta baino ez dituzte.

2. BPGaren bilakaera ona

Bada aukera udal Barne Produktu Gordina (BPG) deritzona kalkulatzeko, eta Barometroan jasotzen denez, 2025ean Donostiako udal BPGa %5,5eko hazkunde nominala —inflazioaren eragina barne hartzen duena— izan du. Biztanleko BPG nominalari dagokionez, 53.800 euroan da. Zifra hori Gipuzkoako zein EAEko batez bestekotik gora dago, %14 eta %16 handiagoa izanda.

Sektoreka aztertuz gero, udal BPGaren %88,2 dira zerbitzuak, eta horren barruan %47,5 osatzen dute ezagutzako zerbitzu intentsiboek. Udal BPGtik, gainontzeko, %12 hiri-ekonomiak osatzen du —txikizkako merkataritza eta aisia, turismo eta gastronomia jarduerek—.

Udal BPGaren %88,2 dira zerbitzuak, eta horren barruan %47,5 osatzen dute ezagutzako zerbitzu intentsiboek

Enpresei dagokionez, aipatu behar da une honetan Donostian egoitza duten 15.365 enpresa daudela, eta 18.037 establezimendu. 2024ean baino 107 gehiago izateaz gain, 1.000 biztanleko 80 enpresa daudela azpimarratu daiteke. Ideia bat egiteko: Bartzelona bezalako hiri handi batean, kontzentrazio hori 100ekoa da 1.000 biztanleko; Madrilen, 150ekoa 1.000 biztanleko. 

Tamainan, mikroenpresak dira nagusi: %71,6 bi langile baino gutxiagoz osatutako negozioak dira. Hala ere, enpresa guztien %1,6 —50 langiletik gorako 295 enpresek— hiriko enpleguaren %43,9 suposatzen dute. Eta ekintzailetza jarduera %7,6an dago, EAEko batez bestekoaren gainetik dagoena. 

3. I+G arloaren garrantzia

Aurreko puntuetan dagoeneko ezagutza zerbitzu aurreratuek hirian duten pisuari erreparatu zaie. Baina oro har, adierazi behar da I+Garen aldeko apustuak duen garrantzia. 2024an I+Garen aldeko inbertsioa 396,6 milioi euro baino gehiagokoa izan zen. Udal BPGan %4 da hori, eta Europako batez bestekoa (%2,2koa) bikoizten du. 

Enplegu osoaren gaineko pisu erlatiboa %2,36an kokatzen da. Denera, 7.170 profesional ari dira arlo horretan lanean —%47 emakumeak izaki— eta, zehazki, 1.150 bioteknologia esparrukoak dira —%70 inguru emakumeak parte teknikoari erreparatuta—. Hirian azken sektore horrek 63,4 milioi euroko inbertsioa du, eremu horretan EAEko herena gutxi gora bera. 

Adieraztekoa da zientzia-, teknologia-, unibertsitate- eta enpresa-eragileen ekosistema indartsua dela Gipuzkoako hiriburuan. Horrela bakarrik uler daitezke zifrak.

4. Erronka demografikoak ekarriko dituenak

Egoera hori izanik ere, badira kezka mahai gainean jartzen duten elementuak ere. Lehenik eta behin, biztanle kopurua oro har. 190.144 lagun bizi dira hirian. Hazkundea soilik %0,15ekoa da. Saldo begetatiboa negatiboa izanik —heriotza gehiago izan direlako jaiotzak baino—, beste jatorri batzuetako pertsonak iristeak ahalbidetu du beherakada izan ez dadin. Migraziorik gabe, 268 lagun gutxiago dira.

Gauzak horrela biztanleria aktiboaren beherakada ere errealitatea da, %2,6ko jaitsi baita, biztanleria ez-aktiboa %5 hazi den aldi berean. Erronka demografikoaren ondorioetako bat da, baby boomean jaiotakoak erretiratuta belaunaldi berrietan jende gutxiago baitagoelako merkatura salto egiteko. Adin kontua ere bada: biztanleriaren %26,6k ditu 65 urte baino gehiago; 15 eta 29 urte bitartekoek gora egin dute —migrazioari esker—, baina 15 urtetik beherakoetan kopurua behera doa.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain