
Donostia Sustapenak deialdia ireki du hiriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten proiektu berritzaileak aurkeztu nahi dituzten 35 urtetik beherako gazteentzat. Helburua da tokiko talentuaren sormena, lidergoa eta parte-hartzea sustatzea, gizarte-, ekonomia- eta hiri-erronkei irtenbideak bilatzeko.
Proiektuak garapen- edo inplementazio-fasean egon daitezke, betiere bideragarriak badira eta ikuspegi parte-hartzailea badute. Aukeratutako proposamenek aholkularitza pertsonalizatua, laguntza ekonomikoak, lanerako guneak eta Talent Housen edo Ekinnen ostatua izango dute, gehienez ere, hamabi hilabetez. Halaber, lehentasuna izango dute Udal Sozietateak bultzatutako prestakuntza eta azelerazio programetan.
Dirulaguntzen artean, nabarmentzekoak dira hileroko 500 euroko laguntza eta proiektuak martxan jartzeko gastuei aurre egiteko 2.000 euroko laguntza gehigarria. “Gazteen talentuaren alde egitea ez da etorkizuneko belaunaldietan pentsatzea soilik, hiria eraikitzeko modu adimentsua da”, adierazi du Ane Oyarbide Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak ekimenaren aurkezpenean.
Programa gazteen talentua atxikitzeko eta erakartzeko estrategia zabalago baten parte da, eta barne hartzen ditu nazioarteko bekak, egoitza hobaridunak, prestakuntza-programak eta unibertsitate zein enpresekiko lankidetzak. Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerentearen hitzetan, “funtsezkoa da gazteekin lotura-guneak antolatzea, prestakuntza-, enplegu- eta etxebizitza-arloko neurriak hedatzeko”. Informazio eta baldintza guztiak Donostiako Sustapenaren webgunean daude eskuragarri.