• EKONOMIA
  • Donostiak bere lidergoa indartu du zientzian, berrikuntzan eta enpleguan

Donostiak bere lidergoa indartu du zientzian, berrikuntzan eta enpleguan

Hiriak zifra historikoak lortu ditu I+Gko inbertsioan eta okupazioan, eta hazkunde ekonomikoa Gipuzkoakoa eta EAEkoa baino handiagoa izan da

Argazkia: Donostia Sustapena
Argazkia: Donostia Sustapena
2025eko urriaren 23a - 13:53

Donostiak sendotu egin du zientzian eta berrikuntzan duen “erreferente” posizioa; ikerketa eta garapenean (I+G) egindako inbertsioa %12,3 hazi da 2024an. Donostiako Sustapenak egindako Barometro Ekonomikoaren arabera, 365,4 milioi euroko inbertsioa egin zen iaz alor horretan, hau da, tokiko BPGaren %3,7. Sektore bioteknologikoak garrantzia hartu du, inbertitutako guztiaren %17 baita, eta aurrerapen bizkorragatik nabarmentzen da; izan ere, %30eko hazkundea izan du urtebetean.

 

Lan merkatuaren portaera bikaina ere islatzen du txostenak. Hiriak 84.900 pertsona okupatu zituen 2024an, %3ko igoerarekin, eta langabezia tasa %6,3koa izan zen, azken hamarkadako baxuena. Formalizatutako 94.400 kontratuetatik %56 35 urtetik beherakoek sinatu zituzten. “Enpleguari buruzko datuak oso onak dira eta gure hiriak duen giharra erakusten dute, baina zailtasun handienak dituztenei lan bat lortzeko aukerak eskaintzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Ane Oyarbide Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak.

Gipuzkoako hiriburuko enpresa-sarean 15.384 enpresa daude, gehienak mikroenpresak, baina handienek enpleguaren %44 biltzen dute jada. BPG nominala %6,6 hazi zen 2024an, probintziako eta autonomiako batez bestekoaren gainetik, eta zerbitzuen sektoreak tokiko ekonomiaren motorra izaten jarraitzen du, enpleguaren %90 gehiago sortzen baitu.

 

Hiriak “biztanleria hazkunde neurritsua” izaten jarraitzen du, 189.865 biztanlera iritsita, batik bat, atzerritarren etorrerak bultzatuta; izan ere, biztanleriaren %15,7 dira eta kontratu berrien %21. Gainera, hiriak hezkuntza-maila handia du: %27,4 unibertsitate tituludunak dira, eta %85etik gorako laneratze-tasak dituzte. “Lan honek gure eredu ekonomikoaren eraldaketa sakona islatzen du, bereziki berrikuntzan oinarrituta”, nabarmendu du Donostia Sustapeneko zuzendari gerente Iñigo Olaizolak .