
Donostiako Udalak gaur eman ditu Gabonetako Kanpainak izan duen eragin ekonomikoari buruzko datuak. Kalkulatu dutenez, Donostiako Sustapenaren bitartez antolatutako kanpainak, zehatz-mehatz, 24,7 milioi euroko zuzeneko inpaktua izan du. Iaz baino altuagoa da zifra, 2023ko kanpainan irabaziak 22,5 milioi eurokoak zian baitziren.
Gabonetako Azokan 878.000 euroko salmentak zenbatu ziren, iaz baino 2.000 euro gutxiago. Pertsonako batez besteko gastua 68 eurokoa izan zen, baina zifra 57 eurora jaisten da donostiarrei erreparatuz gero. Merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean enplegu tasa handitu zen 2024ko abenduan. Hots, 2.128 kontratu egin diren, iazko zifra %10ean handituta, baita 1.528 enplegu sortu ere.
Ane Oyarbide Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak Gabonetako Kanpainaren garrantzia azpimarratu du: “merkataritza txikien eta ostalaritzaren urteko fakturazioaren %20 inguru suposatzen du” azaldu du. Adierazi duenez, sektore horietan lan egiten dute 17.000 donostiarrek baino gehiagok.
Antolatutako jardueretatik, inaugurazio-ekitaldia izan zen parte-hartze nabarmenetarikoa izan zuena, 31.900 pertsona gerturatu baitziren Alderi Ederrera, azaroaren 29an. Are jende gehiago hurbildu zen, ordea, Nazioarteko Drone Show Jaialdia ikustera, hots, bi egunetan 47.200 pertsonek ikuskatu zuten ekitaldia (orotara, 79.100). Aipaturiko bi jarduerek, bere horretan, 2 milioi euroko ekarpena sustatu zuten. Udalak baieztatu du “inaugurazioak edukietan eta ikuskizunetan jauzi kualitatiboa ematea lortu duela, ikusleen onarpen handiarekin”.
Kanpainan zehar zenbait pasaera-kontagailu ipini ziren merkatuan zehar, eta kontagailu horiek jasotako datuen arabera, kanpainako 39 egunetan ia 3 milioi pasaera zenbatu ziren (2.715.000). Hala, eguneko 69.600 igarotze izan ziren, gutxi gorabehera, eta horrek, aurreko urtearen aldean, %21eko hazkundea suposatu zuen.
Bisitari datuen haritik tiraka, zinegotziak iragarri du donostiarrek iaz baino gehiago parte hartu zutela ekintzetan: programazio osoak jasotako bisitarien %77 donostiarra zen, alegia, lautik hiru. Gainerako bisitarietatik, %12 gipuzkoarrak izan ziren, %5 espainiarrak, %4 Espainiako estatuaz kanpoko bisitariak, eta, azkenik, %2 izan ziren arabarrak eta bizkaitarrak.
Balorazioari dagokionez, donostiarren %61ak uste du kanpainak “eragin handia duela eta mesede egiten diela merkataritzari eta ostalaritzari”, eta %80ren ustetan hiriko gabon giroa sustatzen laguntzen du. Erakusketariak ere pozik agertu dira, %91k “oso positiboki” balioztatu baitute.