Donostiako merkataritza sareak 2.460 saltoki inguru ditu, hiriko enpleguaren %8,6 sortzen du eta tokiko barne produktu gordinari %5,3ko ekarpena egiten dio, Donostia Sustapenaren arabera. Udal sozietateak 2026-2030 aldirako Merkataritza Plan Estrategiko berria plazaratu du gaur, zeinak helburu duen “hiriko merkataritza sarea indartzea”.
Kontsumo-ohitura berriek eta aldaketa demografikoek baldintzatutako eraldaketa-prozesu batean murgilduta, saltokien kopuruaren beheranzko bilakaera eta belaunaldien arteko erreleboa errazteko beharra nabarmendu du plan estrategiko berriak.
Ane Oyarbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren hitzetan, "Donostiako hiri-merkataritzak erronka garrantzitsuei egin behar die aurre, eta, beraz, estrategia bat izatea funtsezkoa da lehiakortasuna indartzeko eta enpleguaren motor gisa sendotzeko. Ibilbide-orri honek funtsezko gaietan jartzen du arreta, hala nola belaunaldi-ordezkapenean, talentuan, establezimenduek beren jarduera garatzen duten kaleen eta plazen zaintzan, prestakuntzan edo digitalizazioaren bultzadan”.
Merkataritza plana “partaidetza zabal baten bidez” egin dela azaldu du Donostia Sustapenak, zeinetan hiriko 200 saltokik baino gehiagok parte hartu duten, baita sektoreko hainbat eragilek ere. Gauzak horrela, plana aurrera ateratzeko 1,5 milioi euroko aurrekontua zehaztu da.
“Hurbileko merkataritza indartzen jarraitu nahi dugu, gure auzoei eta hiriari bizia emateko gai izango den merkataritza, beren negozioetako pertsiana egunero altxatzen duten pertsonak erdigunean jarriz", nabarmendu du Oyarbidek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta