Donostia Sustapenak ia 2 milioi euro inbertitu zituen enplegua sustatzeko programetan iaz

Hiriaren sustapenerako eta garapen ekonomikorako agentziak 1.697 lanposturen sorrera bultzatu zuela jakinarazi du

Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko zuzendari orokorra eta  Ane Oyarbide, Ekonomia eta Bertako Enplegurako zinegotzia | Argazkia: Donostia Sustapena Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko zuzendari orokorra eta Ane Oyarbide, Ekonomia eta Bertako Enplegurako zinegotzia | Argazkia: Donostia Sustapena

Donostia Sustapenak 2023ko jardueraren balantzea aurkeztu du ostiral honetan. Erakundearen arabera, 2.639 zerbitzu eskaini zituzten iaz, 2022an baino %34,8 gehiago. Gainera, hiriaren sustapenerako eta garapen ekonomikorako agentziak 1.697 lanposturen sorrera bultzatu zuela jakirazi dute.

Bestalde, 1.352 enpresari lagundu (+% 4,6) eta 295 proiektu ekintzaile babestu zituen, horietatik %44 berritzaileak. EKINN+ programaren bidez, 23 start-upek jaso zuten laguntza, eta Elkargi SGRkin elkarlanean gauzatzen den Abalen Programan, 526.000 euro banatu ziren tokiko sei start-upen artean.

Ane Oyarbide Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziaren arabera, "Donostia Sustapenak eta udal osoak hiriaren ekintzailetzari laguntzeko, enplegua sortzeko eta gure gazteei garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak eskaintzeko egindako apustua islatzen dute". 

Iñigo Olaizola, Donostia Sustapenaren zuzendariaren ustez, “apustu horrek pertsona, enpresa eta proiektuei laguntza pertsonalizatua eskaini behar zaiela adierazten du, hiriko berrikuntza ekosistema aberatsa osatzen duten eragile desberdinekin elkarlanean”. Erakundearen 2023ko jarduera balantzeak adierazten duen moduan, iaz ia 2 milioi euro inbertitu ziren kontratazioa eta enplegua sustatzeko programetan.

Hiri ekonomian egindako 1,3 milioi euroko inbertsioari esker, ia 700 establezimenduk jaso dute laguntza merkataritza eta ostalaritza sektorean. Hala, NEXT proiektuak nabarmentzen dira, sektore horietan jasangarritasuna, berrikuntza eta, horrela, lehiakortasuna hobetzea bultzatzeko. Iaz martxan jarritako EKINN+ Gastro programak harrera positiboa izan duela adierazi dute. Era berean, DSS Market Plaza online erosketarako plataformak 312.000 euroko salmentak eragin zituen, eta Ubako Aterpetxe Eskola irekitzea "proiektu estrategiko" bat izan dela azpimarratu dute.

Azkenik, hiriko gazte talentudunei laguntzeko asmotan, nazioarteko mugikortasunerako 49 beka, kontrataziorako laguntzak eta enplegua sortzea nabarmendu nahi izan du Donostiako Sustapenak. Gainera, Talentu Azokaren hirugarren aldia antolatu zela ere gogorarazi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK