Donostiako Udalak 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana aurkeztu du gaur. Plan horrek 15/2023 Enpleguaren Euskal Legean ezarritako konpromisoari erantzuten dio; izan ere, lege horren arabera, 10.000 biztanletik gorako toki-erakunde guztiek Ekonomiaren Garapen eta Enplegu Plana zehaztu eta ezarri behar dute. Hein horretan, Donostia Sustapena udal sozietatea EAEn bultzatutako hamaika proiektu pilotuetako baten buru izan da.
Planaren aurkezpenean, Jon Insausti alkateak azpimarratu du, "plan honek enpleguari hain lotuta dauden Donostiako balioak islatzen" dituela, "hala nola ahalegina, talentua, izaera ekintzailea eta talde-lana". Gehitu du, "enplegua zuzenean lotuta dago donostiar bakoitzaren bizi-garapenarekin, eta, beraz, lehentasuna da Udalarentzat". Era berean, nabarmendu du "eskakizuna Donostiako ereduaren ezaugarri nagusietako bat dela, baita lan-esparruan ere, bestea humanismoa izanik.
2026-2030 Enplegu eta Tokiko Garapeneko Plana Donostiako errealitate sozioekonomikoaren diagnostikoan eta lan-merkatuaren bilakaerari buruzko begiradan oinarritu da. Planak zehazten du egun Donostia “motor bikoitzeko eredu ekonomikoan” oinarritzen dela: alde batetik, merkataritza, turismoa eta hurbileko zerbitzuak bezalako sektoreei lotutako hiri- ekonomiarekin, eta, bestetik, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren ekosistema finkatu batean oinarritutako ezagutzan intentsiboak diren sektoreekin.
Hainbat erronka ere zehaztu ditu planak: langabezia, talentua, belaunaldi aldaketa… Erronka horien aurrean, Donostia posizio “sendo” batetik abiatzen dela azaldu du Donostia Sustapenak, “gero eta biztanle kualifikatuagoetan, prestakuntza-sistema sendoan, hazten ari den berrikuntza-ekosisteman eta enplegua sortzeko ahalmena duen ekonomia-sare dibertsifikatuan oinarrituta”.
Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak aurkeztu ditu 2026-2030 Enplegu eta Tokiko Garapen Plana osatzen duten bektoreak, eta 15,4 milioi euroko inbertsioa mobilizatuko duela aipatu du. Jarduera-bektore horiek zazpi ekimen estrategikotan eta 45 ekintzatan zehazten dira.
Lehen urterako, ia 3 milioi euroko aurrekontua izango da, eta horietatik %55 (1.618.857 euro) Donostiako Sustapenak hartuko du bere gain.