
Donostiako Zinemaldiaren iazko edizioak 47,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen. Ikertalde aholkularitza etxeak egindako azterlanaren arabera, 18,3 milioi euro jaialdiaren inpaktu ekonomiko zuzenak sortuak izan ziren, 12 milioi euro pertsonen eta zerbitzuen kontratazioagatik eta 6,3 milioi euro egonaldien eta kontsumoen ondoriozko ekarpenagatik.
Zeharkako inpaktua 14 milioi eurotan zenbatu du aholkularitza etxeak. Sarreren erosketan bildutako dirua eta jaialdira gerturatzen diren ikus-entzuleek egindako erosketak eta kontsumoak neurtzen ditu zeharkako inpaktuak. Kopuru horretatik zatirik handiena Zinemaldira Donostiako kanpo etortzen diren eta hirian edo inguruan ostatu hartzen duten bisitariei dagokie (10,7 milioi euro), eta, gainerakoa donostiarrei (ia 2 milioi euro) eta ostatu hartzen ez duten bisitariei (milioi bat euro). Beste 16 milioi euroak ekonomiaren balio-kate osoko salerosketa-gastuak eta mobilizazioak lirateke.
Enpleguari dagokionez, Donostiako Zinemaldiak urte osoko 40 langile ditu lantaldean, eta, 2024an, 320 kontratu egin ziren jaialdia aurrera eramateko behar zehatzei erantzun ahal izateko. Kontratazio horietatik %80 irailean egin ziren, jaialdia egiten den hilabetean.
Itzulkin ekonomikoa ere neurtu du Ikertaldek, hau da, Zinemaldiak zerga bidez zenbat diru eman dion administrazioari. Txostenaren arabera, 8,4 milioi euro izan dira.