• EKONOMIA
  • DS Industry izeneko industria-azokaren lehen edizioa azaroan egingo da BECen

DS Industry izeneko industria-azokaren lehen edizioa azaroan egingo da BECen

Industria lehiakortasuna, jasangarritasuna eta deskarbonizazioa izango dira nazioarteko topaketaren ardatz nagusiak

Argazkia: BEC
Argazkia: BEC
2026ko uztailaren 8a - 14:59
Eg. 2026ko uztailaren 8a - 16:35

Bilbao Exhibition Centren egingo da DS Industry azokaren lehen edizioa, 2026ko azaroaren 3tik 5era. Industria lehiakorrago, jasangarriago eta deskarbonizatuago baten aldeko ekitaldi berriak nazioarteko ikuspegia izango du, eta berrikuntza nahiz erronka teknikoei irtenbide praktikoak bilatzea izango ditu helburu. Gaur egin da aurkezpena, eta Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta BECeko ordezkariek parte hartu dute.

 

Ekitaldiak hiru ardatz nagusi izango ditu: Knowledge, Innovation eta Networking (ezagutza, berrikuntza eta networkinga). Lehenengoak deskarbonizazioa, energia-eraginkortasuna, industria zirkularra eta teknologia garbiak jorratuko ditu "dibulgazio-kongresu eta jardunbide egokien azterketen" bidez. Innovation gunean industria sektorerako ekipamendu, produktu eta zerbitzuak aurkeztuko dira, eta, gainera, workshopak, start-upentzako gunea eta talentuaren inguruko jarduerak izango dira.

Networking arloan, B2B bilerak, bisita teknikoak eta bestelako topaketak antolatuko dira, enpresen, erakundeen eta profesionalen arteko harremanak eta lankidetza sustatzeko. Azokak hainbat industria-sektoretako enpresak eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten bisitari profesionalak biltzea aurreikusten du, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izango du. Zera nabarmendu du Basurkok aurkezpenean: “Industria-deskarbonizazioak enpresa traktoreak eta ETEak behar ditu; teknologia eta inbertsioa; ezagutza eta merkatua; ekimen pribatua eta lidergo publikoa.”

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain