
Iraila hasi besterik egin ez bada ere, Durangoko Azokako antolatzaileak lanean ari dira dagoeneko. Azokaren 60. edizioa izango da abendukoa, eta hilaren 5etik 8ra bitartean egingo da.
Hala ere, jada ireki da parte hartzeko interesa duten erakusleentzako izen emate epea. Argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein auto-ekoizleek irailaren 30era arte izango dute denbora durangokoazoka.eus webguneko Erakusketaria atalean eskaera egiteko. Erregistratu ondoren, partaideek eskuragarri izango dute maiz egiten diren galderei buruzko zein tarifei buruzko informazioa.
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurrerago irekiko dira beste zenbait inskripzio: egitaraurako proposamenak egiteko eta ikasleentzat antolatutako goizean parte hartzeko deialdiak, besteak beste.