Durango eta Iparralderako leihoa

Ipar Euskal Herriko sortzaile eta kultur-eragileentzat hitzordu kuttuna da Durangoko Azoka. Aurten, inoizko eskaintzarik zabalena osatu, eta antolatzeko modu berri bat dute

Durangoko Azokaren aurkezpena Iparralden egin zenekoa | Argazkia: Durangoko Azoka Durangoko Azokaren aurkezpena Iparralden egin zenekoa | Argazkia: Durangoko Azoka

Hogeita hemeretzi. Horra Ipar Euskal Herriak aurten Durangoko Azokan duen berritasunen kopurua. Liburu, disko, eleberri grafiko zein ekoizpen, Iparraldearen parte-hartzea emendatzen ari da urterik urte. “Inoiz baino sortzaile eta parte-hartzaile gehiago etorri da Ipar Euskal Herritik, eta haien proposamenek ere leku handiagoa daukate gure egitarauan, gune ezberdinetan”, dio Gerediaga Elkarteko Izaskun Ellakuriagak.

Euskal Kultur Erakundea arduratzen da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako sortzaileak laguntzeaz, eta 2006. urtetik ari da elkarlanean Gerediagarekin. Urte oparoa dela aitzinatzen du EKEko Maia Etchandyk. “Zinez eskaintza aberatsa eta anitza eramaten da Durangora, eta bada mugimendua: usaiako parte-hartzaile batzuk ez dira gurekin izanen, eta berri batzuk jinen dira”. Adibidez, Herrima argitaletxea, Gora Euskal (H)errientsak eleberri grafikoa argitaratu duena, edota Kuma No Motor eta Karma musika-taldeak. “Pozten gira haiek urrats hori egiteaz”.

Musika aipaturik, hor espero da aldaketa handienetako bat. Orain arte, Ipar Euskal Herriko eragile guztiek haien erakusmahaiak errenkadan izan dituzte; aurten, aldiz, musikariak beste gune batean dira. Ellakuriaga: “Sortzaileek egin ziguten proposamena: iaz lehenengoz antolatu genuen Musikaren Plazan egon nahi zuten beste musikariekin batera, eta baiezkoa eman diegu, zelan ez”. Proba moduan, beraz, Iparraldeko eragileak “bananduta” dira azokan, estreinakoz.

Sortzaileentzat, poz-iturri

Banandurik edo ez, sortzaile guztiak akort dira Durangoko Azoka zinez garrantzitsua dela haientzat. Mixel Etxekopar kantariaren aburuz, “Ali Babaren kobazuloa bezala ikusten dugu, kasik gehiegizkoa, handiegia nire eskala pertsonalean. Baina zer mirakulu, eta zer edertasun, hainbeste jende euskal eta euskarazko kulturaren inguruan aritzea. Zorabiatzekoa da, mozkortzekoa: azokatik etxera bueltan beti mozkortua naiz, liburuz eta jendez”.

Euskal Barrokensemble taldearekin batera, Euskelelea proiektuaren emanaldia aurkeztu du Etxekoparrek, Maika alaba ere ondoan duela. Gainera, Hebentik elkarte zuberotarrarekin egin dituen auto-ekoizpenek ere tokia izango dute Belarri diskoetxearen mahaian. “Jende batzuek badakite nora jo Iparraldeko Patagoniako, Xiberiako ekoizpenen aurkitzeko, eta hori eskertzekoa da, zeren han izaten DA, Durangoko Azokan”.

“Ali Babaren kobazuloa bezala ikusten dugu, kasik gehiegizkoa, handiegia nire eskala pertsonalean. Baina zer mirakulu, eta zer edertasun, hainbeste jende euskal eta euskarazko kulturaren inguruan aritzea"

Emozioz mintzo dira, halaber, Emma eta Maialen Arestegui ahizpak. Haien lehen lana, Xan izeneko komikia, argitaratu berri dute: batak idatzi eta besteak ilustratu du, eta Durangon eskuragarri dago. “Desiratzen gaude jendeek bere egin dezaten, eta irakurtzen has daitezen, eta liburutegietan jarri, eta bereziki, partekatu dezaten, liburua munduan barrena ibil dadin”. Azokak horretan lagunduko diela sinetsita daude.

Etxeentzat, erakustoki eta topagune

Justuki, Xan eta Haize leizean dira Elkar Argitaletxeak Baionan argitaratu eta Durangora eraman dituen bi lanak. Erakustoki apropostzat du Maider Bedaxagar langileak. “Durangoko Azoka izigarri aberatsa da, eta da plaza bat, non eta hedatzen ahal baititugu gure liburu horiek guziak. Azkenean, euskarari ematen baitzaizkio ordu batzuk, egun batzuk, non eta euskaraz irakurtzea oso normala den, eta ez irakurtzea den ez-normala”.

Azoka, bestalde, harremanetarako gune ere da argitaletxe eta diskoetxeentzat. Hala dio Usopop Diskakeko Joanes Garcia-Basurkok: “Inportanta da, salmenta baino gehiago, loturak egiteko bertako artista edo diskoetxeekin. Ipar Euskal Herrian halako aukerak zailago izaten dira; eskerrak Sarako Biltzarra eta Ziburuko Liburu eta Disko Azoka badiren”. Aurten Haira, Peio Erramuzperen proiektu berria, aurkeztuko dute Durangon. Zehazki, igandean, 14:30etatik 15:00etara entzun ahalko da, Plateruenan.

Joanes Garcia-Basurko: “Inportanta da, salmenta baino gehiago, loturak egiteko bertako artista edo diskoetxeekin. Ipar Euskal Herrian halako aukerak zailago izaten dira; eskerrak Sarako Biltzarra eta Ziburuko Liburu eta Disko Azoka badiren”

Dena dela, Usopopen kasua berezia da: 2018an sortu zuten labela Saran, eta hasieratik izan dira azokan, baina ez ohiko mahai batean. “Musika Zuzenean da Hegoaldeko diskoetxe ttipien elkargunea, eta urtero bertan izan gira, baina ez dugu sekula stand bat atxikitzeko aukerarik ukan”. Diru-kontuez gain, arazoak izaten dituzte datekin. “Guretzat ez dira besta egunak Iparraldean. Durangon, behar duzu beti norbait, bost egunez, diskoak saltzeko, eta guretzat opor egunak ez direnez, zaila da atzematea norbait prest dena joateko”. Halere, ondoko urteetarako asmoa lukete mahai bat eskuratzeko.

Baina dena ez da mahaietan gertatzen: mintzaldi eta kontzertuak ere proposatzen dituzte azokan. Aurtengo azokan Iparraldeko artistek 14 aurkezpen egingo dituzte guztira. Topaketa profesionaletan ere presente izan dira bertako hiru antzerki-konpainia, lehen aldiz. Durangorekiko interesa bada, hortaz, Ipar Euskal Herrian, eta gero eta jende gehiago zipriztintzea espero dute. Etxekoparren hitzetan: “Ur-tanta bat gira itsasoan, baina itsasoan ur-tanta bakoitzak ere badu bere balioa, eta horretaz kontziente gira”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK