• EKONOMIA
  • Durangoko Azokako egitaraurako proposamenak aurkez daitezke jada

Durangoko Azokako egitaraurako proposamenak aurkez daitezke jada

Urriaren 6ra arte egongo da aukera izena emateko

Iazko edizioko Szenatokiko aurkezpen bat | Argazkia: Durangoko Azoka
Iazko edizioko Szenatokiko aurkezpen bat | Argazkia: Durangoko Azoka
2025eko irailaren 15a - 09:22

60. Durangoko Azokaren egitaraua osatzeko proposamenak aurkezteko epea gaur ireki da. Euskaraz sortutako lanak dituzten artistek aukera izango dute urriaren 6ra arte beren ekarpenak bidaltzeko, durangokoazoka.eus webguneko izen-emateen atalean. Diziplina anitzeko sortzaileek beren lanak aurkeztu ahal izango dituzte, hala nola literaturan, musikaren alorrean, ikus-entzunezkoetan edo teknologia berrietan.

 

Azokako gune ezberdinek eskaintza zabala eskainiko dute: Ahotsenean liburuak eta diskoak, Irudienean ikus-entzunezkoak, Kabian teknologia berriekin lotutako ekintzak, Saguganbaran haur literaturako eta musikako proposamenak, Szenatokian arte eszenikoak eta Talaian bestelako lanak. Horrez gain, aurten ilustratzaileen erakusketa ere izango da, urteko nobedadeetan argitaratutako irudiak bilduta.

Bestalde, gaurtik zabalik dago Ikasle Goizerako inskripzioa, abenduaren 5ean egingo den ekitaldirako. Ikasle eta irakasleek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, eta azokara bertaratuko ez diren ikastetxeek PortaDA erronkan parte har dezakete, euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortuz.

 

Azoka hasi aurretik, beste hainbat ekimen ere martxan izango dira: musikariek eta familia ikuskizunak eskaintzen dituztenek DA! PRO topaketan parte har dezakete, programatzaileen aurrean beren lanak aurkezteko; eta aurten lehen aldiz, Zu Non, Han DA! egitasmoa azokaren aurretik egingo da liburu-dendetan. Era berean, erakusmahaiak eskatzeko epea ere zabalik dago irailaren 30era arte.