Durangoko Azokaren eztanDA

Argitaletxe, diskoetxe eta ekoizleentzat egun garrantzitsuak izaten dira abenduaren lehenak. Durangoko Azokak urte osoko salmentei bultzada eman eta ikusgarritasuna ematen laguntzen die

Elkar taldearen postuetako bat Durangoko Azokan | Argazkia: Elkar Elkar taldearen postuetako bat Durangoko Azokan | Argazkia: Elkar

Durangoko Azoka 57. edizioa ari da ospatzen, 248 stand eta 176 partehartzailerekin. Azokak ohiko formatua berreskuratu du aurten, hainbat berrikuntza eta 930 kultura nobedade baino gehiagorekin. Euskal kulturaren plaza indartsu iritsi da, beraz: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 produkturekin (ikus-entzunezkoak, papergintzakoak eta abar). Baina, ekonomiari lotuta, zer suposa dezake Durangoko Azokaren itzulerak? Galdera horixe luzatu diogu Elkar taldeari, pisu handia hartzen duten stand ugari baititu Azokan.

Elkar taldearentzat “egun potoloak” direla azaldu digu Olatz Osa zuzendariak: “Urte osoko salmenten %5 eta %18 artean suposatzen du Azokak, zigiluaren arabera, batetik bestera aldea baitago”. Izan ere, Elkar taldearen baitan dauden bost zigiluek -Elkar, Txertoa, Tartalo, Sua, Elkar Musika- Azokan saltzen dutenak ez duela pisu bera azaldu digu Osak, urtean zehar arrakasta duten produktu batzuk Azokan hainbeste ez dutelako, eta alderantziz. “Hala ere, bultzada handia ematen digu Durangoko Azokak, ezinbestekoa eta garrantzitsua da guretzat”, gaineratu du.

Olatz Osa: “Urte osoko salmenten %5 eta %18 artean suposatzen du Azokak, zigiluaren arabera, batetik bestera aldea baitago”

Ekonomikoki bost eguneko salmenta garrantzitsua izateaz gain, ordea, urte osoan zehar ere laguntzen duela azaldu du: “Guretzat aukera handia izaten da urte osoko lana defendatu eta erakusteko, ikusgarritasuna ematen laguntzen du eta Azoka amaitu eta gero ere nabaritzen da”.

Aurtengo edizioarekin ere “pozik” dira Elkar taldean, aurreko bi edizioen ostean, murrizketarik gabeko Azoka izaten ari delako. 2020koa online formatuan bakarrik egin zela azaldu digu Elkarreko zuzendariak, eta antolatzaileek egindako lan eta ahaleginarekin “oso eskertuta” daudela dio. 2021ekoa, ostera, “erdi bidekoa” izan zela eta, aurtengo Azokarako “gogotsu eta ilusioz” zeudela esan du, “berriz ere normaltasuna beharrezkoa" zela argudiatuz.

“Guretzat aukera handia izaten da urte osoko lana defendatu eta erakusteko, ikusgarritasuna ematen laguntzen du eta Azoka amaitu eta gero ere nabaritzen da”

Online formatuari lotuta, berriz, “lagungarri” dela uste du, aurrez-aurreko salmentez gain, Azokara bertaratzerik ez dutenek ere erosotasun osoz beren etxeetatik erosketak egiteko aukera dutelako.

Baina, ekonomikoki lagungarri izateaz gain, argi utzi nahi izan du Durangoko Azoka zerbait gehiago dela: “Salmenta handien eta ikusgarritasuna ematen diguten egunak bakarrik ez, kultur zaleen topagune eta lagunen elkargune ere izaten da”.  

Azoka “handia”

Durangoko Azokaren lehen bi egunak “jendetsuak” izan dira eta datozenak ere hala izatea espero dute antolatzaileek. “Normaltasunera itzultzeko zain” zeuden, aurreko bi edizioak murrizketekin egin behar izan baitzituzten. “Pozik” dira Gerediaga elkarteko kideak, Durangoko Azoka aurten izaten ari den  parte-hartze datuekin, kulturaren plaza “pandemiaren aurreko kopuruetara” itzuli delako: “Azokak 176 partehartzaile izango ditu Landakon (argitaletxeak, diskoetxeak, etab.), eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorri dira Azokara. 15 autoekoizle ere badaude, sormen-lan ezberdinekin”, adierazi dute elkartean. Eta euskal kulturaren ‘eztanDA’ bizitzeko, 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Azokako gune guztietan, ohiko aforoak berreskuratuta.

Gerediaga elkartea: “Azokak 176 partehartzaile izango ditu Landakon (argitaletxeak, diskoetxeak, etab.), eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorri dira Azokara. 15 autoekoizle ere badaude, sormen-lan ezberdinekin”

Aurtengo berritasunetako bat gaurko egunez etorriko da, abenduaren 9an, ‘Gazte eztanDA’ ospatuko baita. Egunean zehar Azokako gune guztietan hamaika kultur ekitaldi egongo badira ere, Azokak hainbat jarduera berezi antolatu ditu gazteei begira. Halaber, Azoka amaitzen denean, abenduaren 12tik aurrera, ‘Zu non, han DA!’ proiektua hasiko da, eta Azokan salgai egongo diren hainbat nobedade Euskal Herriko liburu-dendetan eskuratu ahal izango dira. Guztira, 132 saltokik parte hartuko dute proiektu horretan, Lizarratik Santurtzira eta Agurainetik Ortzaizera. Gainera, aurten lehen aldiz, sortzaileek euren lanen aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herriko 45 liburu-dendatan.

“Begira, lan-talde txiki batek ere zenbaterainoko gauza handia egin dezakeen”

Baina, tamaina horretako azoka antolatzeak badu bere lana: “Urtean zehar lau pertsona baino ez gara aritzen azoka prestatzen. Irailetik aurrera hasten da mugimendua, komunikazioan bost pertsona gara, komunikabideekin harremana, publizitatea eta bestelakoak eramaten. Baina, begira, lan-talde txiki batek ere zenbaterainoko gauza handia egin dezakeen”, azaldu dute Gerediaga elkartean. 

“Handia”, beraz, aurtengo Durangoko Azoka ere, duen eraginarekin batera. Elkar bezala, gainerako argitaletxe, diskoetxe zein sortzaileentzat ere “egun potoloak” izaten baitira Azokaren ingurukoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK