• EKONOMIA
  • 12.847 milioi euroko zorra zuten EAEko Administrazio Publikoek 2023an

12.847 milioi euroko zorra zuten EAEko Administrazio Publikoek 2023an

Zorraren gehiengoa (ia %80) Eusko Jaurlaritzari dagokio

Administrazioek 23.268 milioi euroko gastua izan zuten | Argazkia: Europa Press
Administrazioek 23.268 milioi euroko gastua izan zuten | Argazkia: Europa Press
2025eko ekainaren 25a - 12:19

EAEko Administrazio Publikoen (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udal Administrazioak) zor bizia (oraindik itzuli behar duten dirua) 12.847,1 milioi eurokoa izan zen 2023ko abenduaren 31n, hau da, aurreko urteko epe berean baino 302,8 miloi euro txikiagoa, urte arteko %2,3ko jaitsierarekin. Zifra hori BPGri dagokionez, %13,9koa izan zen, eta, aldiz, 2022ko abenduaren 31n %15,2koa zen.

 

Zor bizi horren gehiengoa Eusko Jaurlaritzari dagokio, zehazki, %79,9. Bizkaiko Foru Aldundiarena da %12,9, Arabakoarena %4,5, eta Gipuzkoakoarena %2,6. Izan ere, aurrekontu-saldo ez-finantzarioa (gastatu gabe geratu zen dirua) aztertuta ikus daiteke hiru lurraldeek superabita (sarrera gehiago gastuak baino) izan zutela, eta Jaurlaritzak, aldiz, defizita. Bizkaia gailendu zen 147 milioi euroko saldo positiboarekin, ondoren Araba 104 milioirekin, eta azkenik Gipuzkoa 55 milioi eurorekin; kontrara, Jaurlaritzaren defizita 147 milioi eurokoa izan zen.

Gastu eta diru-sarreren xehetasunak erreparatuta, honakoak dira datuak: EAEko administrazioek 23.268 milioi euroko gastua izan zuten, alegia, 2022an baino %7,6 gehiago. Aldi berean, diru sarrerak 22.953 milioi eurokoak izan ziren, 2022an baino %5,9 gehiago. Eragiketa ez-finantzarioei dagokienez (mailegatutako dirua eskatzetik ez datozenak), gastuak %8,5 eta diru sarrerak %4,4 handitu ziren. Hala, aurrekontu-saldo ez-finantzarioa (emaitza garbia) positiboa izan zen 158 milioi eurotan, baina 2022an baino txikiagoa (952 milioikoa izan zen orduan).

 

Diru-sarrera ez finantzarioaren %4,4ko gorakada hori, batik bat, diru-sarrera arrunten (zergak, tasak…) bilakaera positiboaren ondorioz izan zen (%5,6), sarrera guztien %95,5 izan baitziren. Gainerakoa, kapital-eragiketen (adibidez, ondarearen salmenta) ondoriozko sarrerengatik izan zen, zeinak %30,1eko jaitsiera izan zuen.

Finantza eragiketei dagokionez, hau da, maileguekin, kredituekin, finantza-inbertsioekin edota zorraren ordainketekin zerikusia duten eragiketek, 1.031 milioi euroko sarrerak izan zituzten (2022an baino %55,6 gehiago); gastu finantzarioak, kontrara, %4,0 beheratu ziren, 1.504 milioi eurorekin.

Zergen bitartez eskuratutako diru sarrerak %4,9 gehitu ziren, 19.031 milioi euro bildu baitziren, hau da, diru sarrera guztien %82,9. PFEZ izan zen diru sarrera gehien bildu zituena, totalaren %37,3 bildu baitzuen %8,6ko igoerarekin. BEZari egokitu zitzaion bigarren postua, guztizkoaren %36,4ko partaidetza izan baitzuen, baina %2,3ko jaitsierarekin. Horren atzetik kokatu ziren Sozietateen gaineko Zerga (%8,7ko pisuarekin baina %21,3ko igoerarekin), Zerga Bereziak (guztizkoaren %8,1 eta %7,2ko igoerarekin), Bestelako Zergak (%5,2ko partaidetza eta %5,4ko hazkundearekin) eta Udal Zergak ( %4,3ko partaidetza eta %4,9ko igoerarekin).