Automozioaren EAEko sektoreak 24.853 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen 2025 urtea, hau da, %1,9ko jaitsiera izan zuen aurreko urtearekin alderatuta. Acicae klusterraren datuen arabera, beherakadaren arrazoi nagusia da euskal enpresek presentzia handia duten merkatuetan, Europan eta Ipar Amerikan adibidez, ibilgailuen ekoizpena gelditu egin dela.
Automozioaren euskal sektorea 300 enpresa inguruk osatzen dute, eta horien artean daude atzerriko kapitalaren multinazionalak, tokiko konpainia handiak, kooperatibak eta familia enpresak. Haatik, datuek ez dute Gasteizko Mercedes-Benzen jarduera barne hartzen.
Bilakaera horretan eragina izan duten hainbat faktore aipatu dituzte klusterretik. Horien artean, aipatzekoak dira Europako industriari eragin dion muga-zergen politika, ibilgailu elektrikoen salmenten dezelerazioa hasiera batean egindako aurreikuspenekiko eta txinatar fabrikatzaileen lehia gero eta handiagoa, Europako konpainien aldean merkatu-kuota irabazi baitute.
Enpleguari dagokionez, sektoreak 38.200 langile zituen EAEn ekitaldiaren amaieran, aurreko urtean baino %1,3 gutxiago. Hala ere, Acicaek azpimarratu duenez, lurraldeko automobilgintzari lotutako enpresen multzoa 140.00 langiletik gorakoa da mundu mailan.
Ines Anitua klusterreko zuzendari nagusiak ohartarazi du 2026rako egoerak “korapilatsua” izaten jarraitzen duela, industriak bizi duen eraldaketa teknologikoa, erregulatzailea eta geopolitikoa dela eta. Horrez gain, nazioarteko gatazka berriek ere eragina izan dute, Irango gerrak kasu. Hala ere, Anituak gogorarazi du sektorea gaur egungo unera iritsi dela zenbait urtez zifra errekorrak lortu ondoren, eta, hortaz, “erlatibizatzen jakin behar dela”.