• EKONOMIA
  • EAEko BPG %1,8 haziko da 2025. urtean, Confebasken arabera

EAEko BPG %1,8 haziko da 2025. urtean, Confebasken arabera

Patronalak egin duen aurreikuspenak dio datorren urtean langabezia tasa %6,5era jaitsiko dela, eta Gizarte Segurantzan 12.000 afiliatu gehiago egongo direla

Eduardo Aretxaga, Tamara Yagüe eta Pablo Martín | Argazkia: Confebask / Olga Ruiz
Eduardo Aretxaga, Tamara Yagüe eta Pablo Martín | Argazkia: Confebask / Olga Ruiz
2024eko abenduaren 20a - 12:23

Confebaskek 2025erako aurreikuspen ekonomikoak argitaratu ditu, alegia, datorren urteko BPG, enplegua eta enpresen kezka nagusiak zein diren aztertu ditu. Horrez gain, 2024. urte amaierarako aurreikuspenak ere azaldu ditu.

 

Patronalak 2025. urtean %1,8ko hazkundea aurreikusten du EAEko ekonomian, baina “aurreikuspena ziurgabetasun handiaren eta arrisku ugariren mende” dagoenez, azaldu du BPGren igoera %1,3tik hasi eta %2,5erainokoa izan daitekeela.

Eraikuntzaren sektorea “dinamikoena” izango dela nabarmendu du Confebaskek; kontrara, industriaren sektoreak izango du hazkunderik txikiena, aurtengo datuekin alderatuta zifra hobeak lortu arren. Enpleguari dagokionez, Gizarte Segurantzan 12.000 afiliatu berri egongo direla jakinarazi du patronalak, baita langabezia tasa %6,5era jaitsiko dela ere.

 

EAEko enpresen kezka nagusiak hauek direla aztertu du: langile kualifikatuak aurkitzeko arazoak, lan kostuen hazkundea, absentismoa, ekonomiaren ahulezia, errentagarritasun txikia eta enpresen fiskalitatea. Aipaturiko kezka horien artean, absentismoa da azken boladan gehien handitzen ari dena.

2024. urte amaierarako EAEko BPG %1,8 haziko dela gaineratu du Confebaskek, aurreikusitakoa baino bi hamarreko gehiago. Hazkundean eragina izan du zerbitzu publikoen eta eraikuntzaren sektorearen portaerak . Gizarte Segurantzan 11.000 afiliatu gehiagorekin itxiko da urtea, eta %7ko langabezia tasarekin.

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak eta Pablo Martin ekonomia arduradunak egin duten prentsaurrekoan 2025. urtea “arrisku handiko urte” gisa definitu dute, eta nabarmendu dute Europako industriak, politikek eta gerren krisiek EAEn izango duen eragina.