
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egoera ekonomikoaren bilakaeraz galdegin zien familiei 2024an, baita beste zenbait gairi buruz ere. Gaur eman ditu aditzera bizi-baldintzen inkestan bildutako datuak.
Zifren arabera, EAEko familien ia erdiak (%41,2) uste du bere egoera ekonomikoak txarrera egin duela azken hiru urteetan; beste ia erdiak (%42,9) adierazi du ekonomikoki egonkor mantendu dela. Soilik %16k esan du hobera egin duela ekonomiari dagokionez. Datu horiek 2019koekin alderatuta, okerrera egin dutela uste dutenen zifra 11,9 puntu hazi da, eta hobera egin dutenena, aldiz, 2,5 puntu igo da; kontrara, 14,2 puntu jaitsi da egoera ekonomikoa egonkor mantendu dela baieztatu duten familien kopurua.
Are gehiago, EAEn familien %28,7 dira hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituztenak; hala ere, 2019arekin konparatuta zenbatekoa %1,2 txikitu da
Murrizketa ekonomikoak zein alorretan eragin dien ere galdetu zieten familiei. Batik bat, aisialdiari lotutako jardueretan izan ziren murrizketa gehien, familien %77,7rentzat zehatz-mehatz. Jantzietan eta oinetakoetan %56,4k egin zuen murrizketa, eta etxeko ekipamenduan eta elikaduran (biak barne) %41k. Aurrekontua gutxien txikitu den sektorea mediku-zaintzena izan da, soilik %16,2k murriztu baitu.