
2025eko uztaileko EAEko hotel-establezimenduetako sarrerei eta okupazio mailari buruzko datuak argitaratu berri ditu Eustat Estatistika Erakundeak. Zifren arabera, iazko epe beraren aldean %1,5eko eta %2,3ko hazkundea izan da, hurrenez hurren, sarreretan eta ostatu-gauetan. Hau da, orotara 392.794 sarrera eta 837.143 ostatu-gau zenbatu dira.
Bai sarreren, bai ostatu-gauen kasuan, Espainiako Estatutik kanpoko atzerritarrak gailendu dira. Izan ere, sarreren %57,0 eta ostatu-gauen %57,2 atzerritarrek egin dituzte, hots, 2024ko uztailean baino %4,5 eta %6,2 gehiago, hurrenez hurren. Hurrenkera bera jarraituta, Espainiako Estatuko sarreren eta ostatu-gauen kopuruak %2,2 eta %2,5 beheratu da.
Hotel-establezimenduetako batez besteko egonaldia handitu egin da aurtengo uztailean, 2,13 egunekoa izan baita, eta iaz, ordea, 2,11 egunekoa. Okupazio-maila %71,5ekoa izan zen plazen arabera neurtuta eta %81,6koa gelen arabera neurtuta; 2024ko uztailarekin alderatuta, plazen kasuan 0,1 puntuan jaitsi da okupazio maila, baina 0,9 puntu igo da gelen kasuan.