Eusko Jaurlaritzak 3.900 milioi euro inbertituko ditu 2028ra arte, Industria-Euskadi 2030 Planaren baitan, ekoizpen-sarea eraldatu eta enplegu egonkorra sortzeko. Gainera, 12.000 milioi euroko inbertsio pribatua “bideratzea” aurreikusi dute, eta, horri esker, 15.900 milioi euro mobilizatuko dira guztira. Orain arte, hogeita hiru proiektu onartu dira, hasierako aurreikuspena (hogei proiektu) gaindituta.
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “etorkizuneko belaunaldientzat kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak finkatzea” bilatzen du planak. Gaineratu du planaren helburua dela gazteek beren gaitasun pertsonal eta profesionala EAEn garatzea ahalbidetuko duen enplegua sustatzea.
Jauregik azpimarratu du estrategia “ziurgabetasun handieneko” agertoki batean sortu dela, bai esparru komertzialean, bai esparru geopolitikoan, eta asmoa dela “jauzi kualitatiboa” ematea, industriaren sendotasuna, aurrerapen ekonomikoa eta euskal gizartearen ongizatea ziurtatzeko.
Programa euskal erakundeen, Europako Batzordearen, kluster industrialen, enpresa-erakundeen eta sektoreko eragileen parte-hartzearekin egin da. Bere lehentasunak sektore tradizionaletatik hasi (automozioa, energia eta metalurgia) eta sektore berritzaileetaraino (aeroespaziala, bio-sanitarioa, soluzio-digitalak, erregai berriztagarriak eta sare adimendunak) heltzen dira. Digitalizazioan, I+G+b-n, deskarbonizazioan, ETEen hazkundean eta adimen artifizialaren sustapenean ere jarriko da arreta.
Gaur egun, martxan dauden hogeita hiru proiektuak hiru ardatzen inguruan antolatzen dira: “Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago”. Horietatik hamabik sektore pribatua dute buru, eta beste hamaikek publikoa. Azpimarragarrien artean daude “bikaintasun-poloak” sortzea robotika aurreratuan, hidrogeno berdean eta erregai berriztagarrietan, bai eta sektore aeroespaziala sustatzea eta EAEn etorkizuneko sare elektrikoa garatzea ere. Halaber, emakumeak industriara erakartzeko eta euskara ardatz duen adimen artifizialeko euskal industria sendotzeko ekimenak ere aurreikusten dira.
Jaurlaritzak ohartarazi du proiektu horiek negozio plan jakin batzuen menpe egongo direla, eta, hortaz, emaitzak eman beharko dituztela. Horretarako, Idazkaritza Tekniko bat jarri da martxan, hautaketa-irizpideak zehazteko eta proposamenak ebaluatzeko; Jauregi buru duen batzorde estrategiko batek gainbegiratuko ditu proposamen horiek. Gainera, sailburuak adierazi du Euskal Finantza Aliantzak Euskadi Eraldatuz 2030 plana jarriko duela martxan, ekimen horietarako funtsezko finantza-laguntza gisa.