Eustaten datuen arabera, industria produkzioan %1,1eko beherakada egon da EAEn. Ondasunen helburu ekonomikoen araberako indizeei erreparatuz, kontsumo ondasunetan urteko portaera negatiboa izan da, bai kontsumo iraunkorreko ondasunen, baita kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen kasuan ere: %5,3 eta %1,4, hurrenez hurren. Kontsumo iraunkorreko ondasunez hitz egitean altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioaz ari gara, eta kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen kasuan, elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerez, garbiketa- eta higiene-produktuen fabrikazioaz, farmazia-produktuez, baita janzteko arropen ekoizpenaz ere.
Bitarteko ondasunetan, alegia, metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioan, industria kimikoan eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioan, produkzioa %1,3a jaitsi da. %3,1a txikitu da, aldi berean, energiaren produkzioa.
Aurreko urteko uztailarekin alderatuz, ekipamenduko ondasunen produkzioan eman da gorakada bakarra, hau da, ibilgailu motordunen fabrikazioan, tren-makinen eta trenbide-materialen eraikuntzan eta aeronautikaren edo itsasontzien eraikuntzan.
Lurralde historikoei dagokienez, urte arteko bilakaera negatiboa izan da industria produkzioan, bai Araban (%2,4) , Bizkaian (%1,4) baita Gipuzkoan (%0,1) ere.
2024ko uztaileko balantze metatua
2024ko lehen zazpi hilabeteetako datuei erreparatuz gero, industria produkzioaren indizea %0,4 murriztu da. Kontsumo ondasunetan eta bitarteko ondasunetan jaitsiera %2 eta %1,7koa izan da. Energiaren produkzioan eta ekipamenduko ondasunen produkzioan, aldiz, lehen zazpi hilabeteetako indizea positiboa izan da: %0,6 eta %3,0, hurrenez hurren.
Lurralde historikoei dagokienez, zazpi hilabeteetako balantze metatua negatiboa izan da Araban (%2,3) eta Bizkaian (%1,3), baina positiboa Gipuzkoan (%1,7).