• EKONOMIA
  • EAEko industria prezioek behera egin zuten 2025eko azken hilabetean

EAEko industria prezioek behera egin zuten 2025eko azken hilabetean

Azaroarekin alderatuta, %0,7 egin zuten behera prezioek

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 21a - 11:23

2025eko azken hilabetean, industria-prezioek behera egin zuten EAEn. Eustatek emandako datuen arabera, azaroarekin alderatuta jaitsiera %0,7koa izan zen, eta 2024ko abenduarekin alderatuta, prezioak %0,6 beheratu ziren.

 

Hala ere, azaroaren aldean jaitsierak nabarmen handiagoak izan ziren zenbait sektore espezifikotan, hala nola, koke-lantegiak eta petrolioa fintzea sektorean (-%8,4) eta elikagaien, edarien eta tabakoaren industrian (-%4,0). Beste alor batzuetan, aldiz, industria-prezioak azaroan baino altuagoak izan ziren: energia elektrikoa, gasa eta lurruna sektorean %5,0 handitu ziren. Halaber, urte arteko gorakada handiena jasan zuen sektorea produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioarena izan zen, %10,6ko igoerarekin.

Helburu ekonomikoaren arabera sailkatuta, energiak izana zuen urte arteko beherakadarik handiena, %8,9ko jaitsierarekin. Kontsumo ondasunetan ere %0,4ko jaitsiera izan zen. Kontrara, prezioak altuagoak izan ziren ekipo-ondasunen kasuan (%2,1) eta bitarteko ondasunen kasuan (%1,0).