LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek hiru eguneko greba deitu dute, gaurtik hasita ostegunera bitartean, EAEko kudeaketa zuzeneko (alegia, administrazio publikoaren menpeko) eskola-jantokietan. Sektoreko langileentzat "lan baldintza duinak" aldarrikatzea eta hitzarmen kolektiboaren negoziazioa desblokeatzea bilatzen du protestak.
Sindikatuek azaldu dutenez, deialdiak hitzarmenaren geldialdiari erantzuten dio, enpresek uko egin diotelako aurretik adostutako soldata igoerak aplikatzeari eta eskola-jantzokien araudian aldaketarik izan ez delako. Beren ustez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ez da prest agertu ratioak, funtzioak eta lanaldiak berrikusteko.
Mikel Torres sailburuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak ere kritikatu dituzte sindikatuek, "gehiegizkotzat" jotzen baitituzte. Era berean, salatu dute enpresa batzuek komunikazioak bidali dizkietela langileei, grebaren jarraipena geldiarazteko asmoz.
Jangeletan: Lan baldintzak duindu! Hitzarmena orain lemapean, mobilizazioak gaur hasiko dira, 12:00etan Bilbon egingo den manifestazio batekin, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaituko dira. Asteazkenean elkarretaratzeak egingo dituzte hiru lurraldeetako Hezkuntza ordezkaritzen aurrean, eta ostegunean berriro ere Bilbon bilduko dira. Protestara dei egin duten erakundeen arabera, mobilizazioek ez diete soilik lan baldintzei eragiten, gogoratu baitute ikasleek jasotzen duten eskolako jantoki zerbitzuaren kalitatearekin ere lotura zuzena duela.