Ekonomia Itunari buruz galdeketa egin du Prospekzio Soziologikoen Kabineteak, EAEko biztanleei Itunaren gaineko ezagutza maila neurtzeko helburuarekin. Galdeketa pasa den maiatzaren 12tik 17ra bitartean egin zen, 1.230 biztanleri egindako inkesta baten bitartez. Emaitzak gaur aurkeztu dituzte Bilbon Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak eta Jon Goikoetxea Ikerketa-zuzendariak eta, oro har, lortutako emaitzak onak direla adierazi dute.
Eskuratutako datuek diote hamar pertsonatik seik ezagutzen dutela Ekonomia Ituna. Ezagutzen dutenen artean, erdiak baino gehiagok (%55) gutxi daki Kontzertu Ekonomikoari buruz, %34k nahiko ondo ezagutzen dute, %6k oso ondo ezagutzen dute eta %5ek ia batere ez.
Gutxi edo asko ezagutu, gehiengo handiak (%85) Ituna mesedegarria dela uste du. Biztanleek, besteak beste, “autogobernuarekin, “ongizatearekin” eta “bizitza kalitatearekin” lotzen dute Ituna, baita termino ekonomikoagoekin ere: “garapen ekonomikoa”, “errenta aitorpena", “zergak” eta “subiranotasun fiskala”, esaterako.
Inkestan zenbait baieztapen egin zitzaizkien biztanleei, haien adostasun maila zenbatekoa zen aztertzeko, eta orokorrean, erantzunak baieztapenen oso aldekoak izan ziren, gutxienez hamar pertsonetatik zortzik adierazi baitzuten nahiko ados edo erabat ados zeudela. Honakoak izan ziren baieztapenak: Euskal Kontzertu Ekonomikoa euskal autonomiaren zutabeetako bat da; sistema eraginkorra da EAEko baliabide ekonomikoak kudeatzeko; herritarren ongizatea hobetzen lagundu du azken hamarkadetan; aukera ematen du baliabide ekonomikoak lurraldearen eta herritarren beharretara egokitzeko; eta Kontzertu Ekonomikoa blindatu eta garatu beharra da.
Haatik, baieztapen batek zalantza gehiago sortu zituen inkestan: “Kontzertu Ekonomikoaren bidez (Espainiako) Estatuari ordaintzen zaion kupoa bidezkoa eta nahikoa da” galdetzean, %14k nahiko desados eta %6k erabat desados zeudela adierazi zuten. “Ez dakit” erantzun zutenak ere gainerako baieztapenetan baino nabarmen gehiago izan ziren, %17.
Beste hainbat datu ere aipatu dituzte gaur egindako aurkezpenean. Esaterako, Ituna ezagutzen dutenek 10etik 7,3ko batez besteko nota eman diote, “oso pertzepzio positiboa berretsita”. %68 identifikatzeko gai da Aldundiek biltzen dituztela Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga eta Sozietateen gaineko Zerga, besteak beste. Bestalde, sistemarekiko identifikazio-mailak 6,8 puntu jaso ditu, eta %57k baieztatu du epe luzera begira autogobernu-maila handiagoa nahi dutela.