• EKONOMIA
  • EAE "lehorte eremu" izendatzea eskatu dute nekazariek Gasteizen

EAE "lehorte eremu" izendatzea eskatu dute nekazariek Gasteizen

Traktore martxa egin dute Buesa Arenatik Lakuaraino. Sektorearen egoera "jasanezina" izaten hasi dela salatu dute

Nekazarien traktoreak Arabako hiriburuan | Argazkia: Carlos Gonzalez / Europa Press
Nekazarien traktoreak Arabako hiriburuan | Argazkia: Carlos Gonzalez / Europa Press
2026ko abuztuaren 27a - 15:12

Dozenaka nekazari eta abeltzainek, Trebiñu eta Arabako Nekazaritza Elkarteak (Ataca) deituta, traktoreak atera dituzte gaur Gasteizko kaleetara, eta Araba eta EAE lehorte-eremu izendatzeko eskatu dute.

 

Buesa Arenatik abiatu eta Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean amaitu da mobilizazioa. Bertan Atacako presidente Raúl Beitiak azaldu du Araba eta EAE lehorte-eremu izendatzeak sektoreko langileentzat laguntza espezifikoak eskuratzea erraztuko lukeela, euririk ezak eta tenperatura altuak sektorean izaten ari diren ondorio larriak arintzen laguntzeko.

"Hainbat hilabete daramatzagu prezipitaziorik gabe eta 40 gradura iristen diren tenperatura-aldiak izan ditugu; eta ez da euririk aurreikusten datozen 15 egunetan", adierazi du Beitiak, eta ohartarazi du egoera horrek "haragi, esne, zereal, udaberriko labore, ureztatze, patata, erremolatxa eta bazka ekoizpenen murrizketa" ekarriko duela.

 

Traktore martxak bigarren aldarrikapen bat ere bazuen gaurkoan: agerian uztea Ukrainako edo Irango gatazkek ongarrien eta erregaien prezioetan duten eragina, eta salatzea merkataritza itunek "Europako ateak irekitzen dizkietela arabar nekazariek eta abeltzainek bermatzen dituzten kalitate-estandarrak betetzen ez dituzten produktuei".

Gauzak horrela, Trebiñu eta Arabako Nekazaritza Elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lehen sektoreari eragiten dioten arazoen aurrean neurriak har ditzala, sektorearen egoera "jasanezina" izaten hasi baita.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain