Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioen ondoren, Ministroen Kontseiluak 2030 Horizontea Garraio Sarearen Plangintzaren behin betiko bertsioa onartu du azaroaren 20an. Akordioak EAEko sare elektrikoaren potentzia %50 handitzea aurreikusten du, 6.000 megawattera (MW) iritsi arte. Horrez gain, garraio-sareak gaitasuna izango du 2.300 MW-eko eskari gehigarriari erantzuteko, eta banaketa-sareetan 3.000 MW-eko sarbide-ahalmena gehituko da. Energia berriztagarria sortzeko sarbide-ahalmena ere 750 MW baino gehiago handituko da.
Horretarako, gaur egun dauden azpiestazio ia guztietan esku hartuko dute, 20 jarduketa baino gehiagoren bidez, eta hamar azpiestazio-parke berri eraikiko dituzte. Araban, besteak beste, Gasteizko hegoaldean eta Arabako hegoaldean azpiestazio berriak egingo dituzte, eta Aiarako azpiestazioa hobetuko dute. Bizkaian, Gatikako azpiestazioaren gaitasuna handituko dute, eta Santurtzikoa modernizatu eta Ortuellarekiko konexioa indartuko dute. Gipuzkoan, Azpeitian azpiestazio berria eraikiko dute, eta Ormaiztegi eta Oiartzunekoa handituko dituzte.
Neurrien helburuetako bat industriaren energia-beharrei erantzutea da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, potentzia handitzeak 117 enpresaren konexio-beharrei erantzuteko aukera emango du, eta 70.000 lanpostu baino gehiagoren jarraipena bermatuko du. Metalaren, forjaren, galdaketaren, beiraren eta ibilgailu motordunen fabrikazioaren sektoreak dira energia-kontsumo handiena dutenen artean. Era berean, sare elektrikoaren hobekuntzek hidrogeno berdearen ekoizpena, garraioaren eta portuen elektrifikazioa eta industria-proiektu berrien garapena erraztu nahi dituzte.
Etxebizitza berrien eraikuntzan ere izango du eragina plangintzak. Sare elektrikorako konexiorik ezak hainbat sustapen geldiarazi dituela azaldu du Jaurlaritzak. Hernaniko azpiestazioa berritzeak, esaterako, hornidura faltagatik atzeratutako proiektuak konektatzea ahalbidetuko du. Alonsotegiko jarduketek Zorrotzaurreko etxebizitzak garatzen lagunduko dute, eta Gasteizko azpiestazio berriak Salburuko eta Zabalganako sustapenak erraztuko ditu. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak iragarri du datorren astean REDEIArekin, Iberdrolarekin eta hainbat erakunderekin bilera egingo dutela inbertsioak lehenbailehen abian jartzeko. "Akordio honekin, EAEk aurrepauso handia eman du entxufe gehiago izateko eta Industria gehiago, Industria hobea eta Isuri gutxiago sustatzeko”, gaineratu du sailburuak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta