
Irailaren 1etik aurrera, Euskal erakundeek Kontingentzia Energetikoaren Plana jarriko dute martxan sektore publikoan. Gomendioen katalogo zabal bat jasotzen du planak, elektrizitatearen, gasaren eta bestelako erregaien kontsumoa murrizteko balioko dutenak. Jasotakoen artean daude, besteak beste, bulegoetako termostatoa 20 gradutan jartzea neguan eta 25 gradutan udan, erabiltzen ez diren gelak ez argiztatzea, edota langileen joan-etorriak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egitea sustatzea.
Hala ere, neurri horiek “gomendio hutsak” dira, administrazioen eta herritar guztien “erantzukizuna eta elkartasuna” eskatzen dutenak, adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.
Planaren behin-behineko testua Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoan irailaren 1etik aurrera aplikatu ahal izateko lanean jarraituko dute datozen asteetan Jaurlaritzako sail guztiek, foru aldundiek eta Eudelgo udalek, azaldu du sailburuak.