• EKONOMIA
  • EAEko 21.000 enpresek 3.153 milioi euro jaso dituzte Europako funtsetatik

EAEko 21.000 enpresek 3.153 milioi euro jaso dituzte Europako funtsetatik

Torres lehendakariordeak Europatik jasotako funtsen azken datuak eskaini ditu legebiltzarrean. Aurreko hiruhilekoan baino 199 milioi gehiago mobilizatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoak

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2025eko ekainaren 9a
Eg. 2025eko ekainaren 9a

Eusko Jaurlaritzak martxoaren 31 bitartera kudeatutako Europako funtsen datuak eguneratu ditu. Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) funtsen onuradun zuzen izan dira 21.000 enpresa baino gehiago, 3.153 milioi euro eskuratu dituztelarik.

 

Europako funtsei buruz hiru hilean behin Eusko Legebiltzarrean egiten duen agerraldian, Mikel Torres lehendakariordeak adierazi du “nabarmentzekoa da gure ehun ekonomiko eta industrialean Europako funtsak izaten ari diren zeharkako eragina, 24.411 eragile ekonomiko, sozial eta etxebizitza unitateri onura eginez”.

21.418 enpresa txiki eta ertainek jaso dituzte laguntzak, baita 242 enpresa handik ere. Azken horiek funts guztien %31 bereganatu dute. Halaber, ia 700 fundaziok 294 milioi kudeatu dituzte (%8), eta familiek 118 milioi jaso dituzte (%3).

 

Hala, denera 3.673 milioi euro lortu du mobilizatzea EAEk, aurreko hiruhilekoan baino 199 milioi gehiago. 1.299 milioi euro autonomia erkidegoaren kudeaketari dagozkio, 2.075 milioi euro Espainiako Estatuaren kudeaketari –horien artean, 215 milioi euro maileguetan eta 78 milioi euro bermeetan– eta 299 milioi euro euskal enpresek beste autonomia erkidego batzuetan irabazitako lizitazioei.

Torresek nabarmendu du EAEk ahalmena duela funtsak %74,4ko zehaztapenarekin egikaritzeko, Estatuko batez bestekoa (%64,4) 10 puntutan gaindituta. Tokiko enpresen “aparteko leialtasuna” azpimarratu du. “Maileguak bultzatzeko fasean gaude. Euskadiko funtsen hazkundea gure enpresek Estatuko kudeaketa funtsen dirulaguntzak eta lizitazioak jasotzearen ondorio da”, azaldu du.