
Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako azken azterlanaren arabera, EAEko alokairuko etxebizitza-merkatuak gora egiten jarraitzen du. 2024ko abenduaren 31n, alokairu libreko 88.760 kontratu zeuden indarrean Eusko Jaurlaritzan gordailututa, merkatuko prezioan alokatutako etxebizitzei dagozkienak. Horietatik, 84.094 kontratu ohiko erabilerarako etxebizitza kolektiboei dagozkie, iaz baino %5,5 gehiago, eta horrek esan nahi du ohiko alokairuko parkean 4.361 etxebizitza berri sartu direla.
Denis Itxasok Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak nabarmendu du EAE historikoki alokairuko parke “nahiko murritz” batetik abiatu zela, egiturazko arrazoiengatik, baina “pixkanaka ezinbesteko errentamendu-merkatua sendotzen” ari direla “jabetzako etxebizitza bat eskuratu nahi ez duten edo eskuratu ezin duten herritarren zati handi baten beharrei erantzuteko”. Era berean, zera adierazi du: “gizarte orok alokairuko etxebizitza erabilgarrien ehuneko egokia izan behar du, bai arrazoi sozialengatik, bai ekonomikoengatik. Ildo horretan, zerga-pizgarriek eta berme publikoa duten bitartekaritza-programek lagundu dute jabeek esparru erakargarria izan dezaten beren etxebizitzak alokairuaren merkatuan jartzeko, dela alokairu librean, dela babestuan”.
Txostenaren arabera, sasoiko alokairuen kontratu-kopuruak gora egin du, 2.554 unitatetik 3.027ra igaro baita. “Datuek erakusten dute Euskadiko alokairuaren merkatuak modu estrukturalean hazten jarraitzen duela, ohiko etxebizitzaren eskaintzaren hazkunde jarraituarekin eta sasoiko alokairuaren erabilera oraindik oso jarraituarekin”, esan du Itxasok.
Ikerketak alokairuko errenten bilakaera ere aztertzen du. 2024ko laugarren hiruhilekoan erregistratutako kontratu berrien batez besteko prezioa 835,5 eurokoa izan zen hilean, hau da, urte arteko %6,3ko igoera 2023ko hiruhileko berarekin alderatuta, orduan batez besteko errenta 785,9 eurokoa baitzen. Igoera hori metro karratu eraikiaren prezioaren parekoa da, 10,6 euro metro karratuko izatetik 11,3 euro izatera igaro baita, %6,4 gehiago urtebetean.
Lurraldeka, ohiko alokairu kontratu gehien Bizkaian daude (41.958 kontratu indarrean, guztizkoaren %49,9), gero Gipuzkoan (30.293 kontratu, %36) eta, azkenik, Araban (11.843 kontratu, %14,1).