Ekonomisten Euskal Elkargoak eta Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuak Euskadiko Auditoretza Foroaren hemezortzigarren edizioa egin dute Gasteizen. 'Auditoretza eraldaketan: adimen digitala, araudia eta talentua' lelopean, adimen artifizialak sektorean dituen aukerak eta arriskuak, langileen kudeaketa eta kontu-ikuskaritzaren araudia izan dituzte hizpide.
Jardunaldian, adimen artifizialak informazioa aztertzeko eta arriskuak aurreikusteko aukerak eskaintzen dituela nabarmendu dute, baina teknologia hori arduraz erabiltzeko beharra ere azpimarratu dute. Microsoften Berrikuntza zuzendari David Hurtadok adierazi du tresna horiek ez direla ez beldurragatik baztertu behar, ezta hausnartu gabe erabili ere. Haren esanetan, teknologia aurreratu ahala, iritzi profesionalak eta etikak gero eta garrantzi handiagoa dute.
Enpleguari dagokionez, talentua erakartzeko, inklusioa sustatzeko eta lidergoa garatzeko erronkak aztertu dituzte Grant Thornton eta PKF Attest enpresetako ordezkariek. Sektorearen etorkizunak askotariko profilak erakartzea eta laneko eskakizunak garapen profesionalarekin eta kontziliazioarekin bateratzea eskatzen duela azaldu dute.
Bestalde, Espainiako Kontu Auditoretzako Institutuaren (ICAC) ordezkariek kontu-ikuskaritzaren araudia, ikuskapena eta gardentasuna landu dituzte. Víctor Alío ICJCEko presidenteak ohartarazi du adimen artifiziala kontrolik gabe erabiltzeak arriskuak dituela, eta auditoreak erantzule izaten jarraitzen duela, akatsaren jatorria gizakiak egindako lanean edo tresna teknologiko batean egon.
Foroaren amaieran, parte-hartzaileek sektorearen etorkizunari buruzko eztabaida egin dute, berrikuntza, lanaren zorroztasuna eta pertsonak ardatz hartuta. Mercedes Pascual Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuko presidenteak adierazi du eraldaketa teknologikoak ez dituela baztertu behar auditoretzaren oinarriak: independentzia, zorroztasuna, eszeptizismo profesionala eta interes publikoarekiko konpromisoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta