Jaurlaritzak baditu dagoeneko 2026ko aurrekontuak. Iaz gertatu bezala, EAJ eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko gehiengoa absolutua izatea gako izan da horretan, oposizioko alderdi guztiek aurka bozkatu baitute.
Hurrengo ekitaldian 17.313,5 milioi euroko zifra kudeatuko du, aurreko ekitaldian baino %10 gehiago. Aipatzekoa da hortik 935 milioi euroko "ezohiko zorpetzea" izango dela, Euskal Finantza Aliantzari ekarpena egiteko, Euskadi Eraldatuz 2030 izeneko estrategia martxan jartzeaz arduratuko dena EAEko ekonomia modernizatuko duten inbertsio eraldatzaileko proiektuak garatzeko. Gainontzeko 16.378 milioi euroak izango dira Jaurlaritzak kudeatuko dituenak, alegia, aurten baino %4,1 gehiago. Aipatzekoa da gobernu kontseiluak eginiko hasierako proposamenetik soilik bi milioi euro mugitu direla partiden artean. Zehazki, oposizioaren proposamen guztietatik sei soilik onartu dira: PPk eginiko lau, EH Bilduk eginiko bat eta Sumarren beste bat. Era berean, hiru lege ukituko dituzte: poliziaren biktimei loturiko legea, ingurumenari dagokiona —obra publikoak ez daitezen garestitu—, eta Kooperazio legea, zeinetan 325 inbertsio "erabilera bikoitzeko" gisa jo daitezkeen. Eta OPE bat ere posible egin dute. Gainera, atzerritarren lan baimenak kudeatzeko xedapenak gaitu dira.
Hori abiapuntu, baliabideen erdia inguru Osasun eta Hezkuntza sailek jasoko dituzte, 5.327 milioi euro eta 3.346 milioi euro, hurrenez hurren. Dena den, Etxebizitzako eta Segurtasun sailetako aurrekontu partidak izango dira gehien haziko direnak, %6 tik gora biak, "lehentasuna" baitira gobernuarentzat. Zehazki, hazkundea %6,8 eta %6,4koa izango da, hurrenez hurren. "Euskal herritarrek bizitza proiektu segurua eraiki ahal izatea eta etxebizitza duina lortu ahal izatea" bilatu nahi du gobernuak, Noël d'Anjou Ogasun sailburuak azaldutakoaren arabera. Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate sailaren barruan sartzen den I+G+Brako partida % 6,1 handiagoa da, 723 milioi eurora iritsiko baita. Hala ere, ez da beteko EHUk eginiko eskakizuna kopuru hori areagotzeko. Aurtengo aurrekontuetan eztabaidarik beroena izan da Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorearen eta Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuaren artean.
Arestian aipatu bezala, baina, oposizioko alderdiek kontra bozkatu dute, eta horren atzean diren arrazoiak anitzak dira. EH Bilduko eta oposizioko lider Pello Otxandianok esan du aurrekontuetan ez dela erantzuten "egiturazko neurriekin" eta funts sozialean jasotako 20 milioiak "ez direla nahikoak". PPko Álvaro Gotxik kritika gogorrak egin dizkie aurrekontuei. Makroekonomia ikuspegitik EAE Espainia baino gutxiago haztea bultzatzen ari den "egiturazko tendentzia" dagoela esan du, eta goi-mailako karguen bolumenaren hazkundea ere kritikatu du. Zehazki, 480 izatetik 497 izatera igaroko dira. Sumarren kasuan, IUtik datorren Jon Hernándezek EAEko diru-sarreren politikari egin dio kritika, 335 milioi euroko beherakada ekarriko duen zerga-erreforma baitu oinarri hiru ogasunak aintzat hartuta.