
2022an, Espainiako Estatuko soldata altuenak EAEkoak izan ziren, langileko 32.313 euroko, hain zuzen. Nafarroa hirugarren postuan kokatu zen, Madrilen atzetik, langile bakoitzeko 29.189 euroko soldatarekin. Hala, soldatak %4 hazi ziren EAEn eta %2,6 Nafarroan, aurreko urteko datuen aldean, INEk emandako datuen arabera.
EAEn, emakumeen soldataren batez bestekoa 29.314 eurokoa izan zen, eta Nafarroan 26.033 eurokoa. Gizonen soldata altuagoa izan zen bai EAEn bai Nafarroan, 35.095 eta 31.959 eurokoa, hurrenez hurren. 2021 urtearekin alderatuta, emakumeen soldatak %4,9 hazi ziren Nafarroan, eta %4,4 EAEn. Gizonen soldatak ere gora egin zuten, %1,0 Nafarroan eta %4,1 EAEn.
Espainiako estatuan, urteko batez besteko soldata 26.948 eurokoa izan zen langile bakoitzeko, 2021ean baino %4,1 handiagoa. Emakumeen soldata 24.359 eurokoa izan zen 2022an, eta gizonezkoena 29.381 eurokoa.