• EKONOMIA
  • EAEko biztanleria helduaren %6 da ekintzailea

EAEko biztanleria helduaren %6 da ekintzailea

Negozioa irekitzen duten gazteen kopuruak gora egin du azken urtean, baita ekintzaile izatea hautatzen duten atzerriko biztanleen kopuruak ere. Datu horiek eta gehiago aurkeztu ditu gaur EEBk, GEM Euskadi 2024-2025 ekintzailetzaren urteroko txostena dela-eta

GEM Euskadi 2024-2045 txostenaren aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
GEM Euskadi 2024-2045 txostenaren aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko urriaren 8a - 15:57

GEM Global Entrepreneurship Monitor Euskadi 2024-2025 txostena aurkeztu du gaur Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak (EEB). Azterlanak datuak eskaintzen ditu EAEko ekintzailetza ekosistemari buruz, eta, gainera, aukera ematen du EAEko egoera beste eskualde eta herrialdeekin alderatzeko. EEBk Gasteizko Hibridalaben aurkeztu du txostena, zeina Deustu, EHU eta Mondragon Unibertsitateko adituen laguntzaz egin den. Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Saray Zárate Fernández de Landa Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Berrikuntzaren foru diputatua, Ane de Ariño Ochoa Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendaria eta Maria Saiz EEBko presidentea.

 

Jakinarazi dutenez, ikerketa egiteko inkesta erantzun dute 4.300 pertsona baino gehiagok, eta emaitzen bidez identifikatu dira ekintzaileen ezaugarriak, joera globalak, baita garatzen ari diren sektoreak ere. Hala, erakundeak ondorio nagusi batzuk atera ditu, eta, oro har, emaitzak baikorrak direla baieztatu du.

Ekintzailetza ekosistema indartsua da EAEn

Lehenik eta behin, EAE erreferentziazko ekosistema gisa kokatu du azterlanak, Europar Batasuneko (EB) hogeita zazpi lurraldeen batez bestekoaren gainetik baitago lurraldeko ekintzailetza mailan. Ekintzailetza jarduera gero eta handiagoa da EAEn, biztanleria helduaren %6k parte-hartzen baitu ekosistema horretan; are gehiago, biztanleriaren %6,8k esan du datozen hiru urteetan ekiteko asmoa duela. Aurreko urteen aldean, ia puntu oso bat igo da 42 hilabete baino gehiagoko jarduera duten negozioak dituzten biztanleen kopurua, 2023ko %4,9tik %5,8ra. Halere, oraindik falta da azken bi hamarkadetako batez bestekoa (%6,6) berreskuratzeko.

 

EAEko biztanleriaren %6,8k esan du datozen hiru urteetan ekiteko asmoa duela

Ekintzaile kopurua gero eta handiagoa izateaz gain, profila ere aldatuz joan da: gero eta gazteagoak dira, eta atzerritik iritsitako ekintzaileen tasa nabarmen igo da. Alde batetik, ekintzaileen batez besteko adina 44 urtetik 38 urtera beheratu da (azken hamarkadako daturik baxuena), eta bereziki igo da 18-24 urte arteko gazteen ekintzailetza maila (2023an %7,7koa zen eta 2024an %14,8ra iritsi da). Bestetik, atzerriko biztanleriaren kasuan ere gorakada azpimarragarria izan da, %3,8tik (2023an) %15,5era (2024an) hazi baita ekintzaileen zenbatekoa. Genero-arrakalari dagokionez, aldaketa nabaritu da azken inkestan, “genero-arloan ia berdintasuna mantendu den hainbat urte igaro ondoren”: gizonezko ekintzaile gehiago (%58,6) zenbatu dira emakumezkoak baino (%41,4).

WhatsApp Image 2025 10 08 at 10.59.20
Ane de Ariño Ochoa, Saray Zárate Fernández eta Maria Saiz | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Haatik, ekintzailetzak duen “inpaktu handia” azpimarratu du txostenak: maximo historikoa lortu da ekintzailetza industrialean, handitu egin da plantillan hogei pertsona baino gehiago dituzten proiektuen kopurua eta, orokorrean, bikoiztu egin da proiektuko enplegu-kopurua. Etorkizunera begira ere %25ek adierazi du bost urte barru bost pertsona baino gehiagoko lantaldea izatea aurreikusten duela, eta, aldiz, 2023an ehuneko hori %15,8koa zen. Sektoreka, industrian ekintzaile kopuruan gorakada izanagatik, behera egin du zerbitzu aurreratuetara bideratutako ekintzailetza-jardueraren tasak (TEA); bestalde, bere horretan mantendu da lehen sektoreko zein eraikuntzaren esparruko ekintzaileen kopurua.

Munduan aldaketa eragiteko gogo gehiago

Ekintzailetza-jarduera berria hasteko hainbat eta hainbat arrazoi izan ditzake pertsona batek. Normalean, ordea, errepikatu egiten dira helburuak. 2024ko emaitzen arabera, “lan-eskasia dela-eta ogibidea izateak” bultzatzen du jendea, gehien bat, ekintzaile izatera; aurreko urteetan ere arrazoi hori izan da ohikoena (2023an %53,9k hala adierazi zuen), nahiz eta zertxobait beheratu den zenbatekoa (2024an %52,7k hautatu du aukera hori).

Munduan aldaketa eragin nahi duten ekintzaileen kopuruak izan du, kontrara, izugarrizko gorakada: 2023an %21,4k aukeratu zuen arrazoi hori, eta 2024an %41,3k hautatu du. Beste askok, %40,8k, aberastasuna lortzea dute xede (2023an %37,5ek) eta gutxiengoa dira “familia tradizioarekin jarraitzeko” ekiten dutenak (%22).

Ekintzaile izateko arrazoia edozein dela ere, dirua prest izan behar da, txostenaren arabera, batez beste 25.000 euroko inbertsioa egin behar baita negozioak martxan jartzeko; gizonezkoen kasuan zenbatekoa are altuagoa da, batez beste 30.000 euroko kapitala erabili baitute, eta emakumeek, ordea, 12.204 euro.

Ekintzailee ia-ia guztiek (%91,2) aurrezki pertsonalak erabiltzen dituzte, zeinari esker gastatu beharreko hamar eurotatik sei finantzatzeko gai diren

Diru hori lortzeko zenbait bide daude, baina ekintzailee ia-ia guztiek (%91,2) aurrezki pertsonalak erabiltzen dituzte, zeinari esker gastatu beharreko hamar eurotatik sei finantzatzeko gai diren. Erakunde finantzarioak ere erabili izan dituzten ekintzaileen %43,6k (marka historikoa da), baita laguntza-programak zein dirulaguntzak ere (%36,6k); badira crowfunding kanpainak eta inbertsio espezializatuak erabiltzen dituztenak ere, nahiz eta gutxiago izan (%21,2).

Behin dirua izanda eta ekitearen arrazoiak finkatuta, ezinbestekoa da ekintzaileek aukeratzea negozioaren forma juridikoa zein izango den: emaitzek diote %52,2tik %42ra behera egin duela hasiera batean autonomoen figura hautatzen dutenen kopurua, eta, kontrara, “pisua hartu du” sozietate mugatua eratzen dutenen zenbatekoak (hamar negoziotatik hiruk). Hasiera batean kooperatiba diren negozioen kopurua zertxobait jaitsi da, %5,9tik (2023) %5,3ra.

Digitalizazioa, baliabide estrategikoa

Ezinbestean, txostenak argi erakusten du ekintzaileen kasuan ere digitalizazio-prozesuek gora egin dutela. 2023ko inkestan TEA biztanleriaren %38,7k esan zuen digitalizazioan aurrera pausoak emango zituela, eta 2024an, aldiz, %61,3k adierazi du hori bera. “Biztanleria ekintzaileak nabarmen goraipatzen ditu baliabide digitalak, bezeroekin harremanetan egoteko eta negozio-estrategia ezartzeko bide gisa”, azaldu dute EEBkoek.

Adimen artifiziala baliabide estrategiko bilakatu da, eta, txostenaren arabera, lau negozio berritatik hiruk garrantzitsutzat edo oso garrantzitsutzat dute tresna berritzailea lan-esparruan ezartzea. Etorkizunera begira, AA garrantzitsua izango da inkestatuen %83,6rentzat. Konparaketa eginez gero, jada finkatuta dauden negozioen biztanleriarentzat baino are garrantzitsuagoa da AA ekintzaileentzat (hurrenez hurren, %62,2k eta %75ek ematen dio garrantzia).