
EAEko BPG %2,0 handituko dela aurreikusi du CaixaBank Researchek (CaixaBanken azterketa eta ikerketa ekonomikorako zerbitzuak), Espainiako Estatuko aurreikuspena (%2,4) baino zertxobait gutxiago. Hazkundearen arrazoiak EAEko industriaren “egitura-posizionamendu onuragarria” (Europako funtsetatik onura gehien atera dezakeen lurraldeetako bat delako) eta finantzaketa-kostuen murrizketa direla azaltzen du ikerketak. Gainera, inbertsioa hazkunde motorra izatea espero dute, eta kontsumoa sustatuko da inflazioari eusteari eta interes tasen beherakadari esker. Hala ere, aurreikuspenek arrisku faktoreak ere atzematen dituzte: Estatu Batuetako muga zergen politikek eragin handia izango dute EAEn.
Enpleguari dagokionez, datuen arabera EAEko lan-merkatua ez da Espainiako Estatukoa bezain dinamikoa: gizarte segurantzako afiliatuak %1,0 handitu ziren 2025eko maiatzean, eta Espainian, ordea, %2,2. Haatik, enplegua %1,5 hazi zen, batik bat, garraioan, jarduera profesionaletan eta osasunean. Gainera, EAEko langabezia tasa %7,7koa izan zen 2025eko lehen hiruhilekoan.
Bestalde, industria jardueraren datuak “oso ahulak” izaten ari direla azpimarratu da txostenean, eskari global baxua eta energia sektorearen ondorioz. Industria produkzioaren indizea %0,2 beheratu zen 2024an, eta urte arteko %1,6ko jaitsiera izan zen 2025eko apirilean.
Esportazioen gaineko hausnarketa ere egin da txostenean, gogorarazi baitute %5,1eko beherakada izan zela iaz. Garraio materialetan, automobilgintzan eta erdi-manufakturetan (batik bat, burdinan eta altzairuan) izandako jaitsierengatik gertatu zen beherakada hori, nahiz eta esportazioek gora egin aparatu elektrikoetan, motorretan eta industria-makinetan.
Hala eta guztiz ere, Caixabank Researchen analisiak dio urtea “zertxobait hobeto” hasi zela EAEko ekonomiarentzat; izan ere, urte arteko hazkundea %1,6koa izan da martxora arte, Espainiako Estatuko batez bestekoaren (%2,6) azpitik jarraitzen badu ere.