• EKONOMIA
  • EAEko BPGa %2,3 hazi da azken hiru hilabeteetan

EAEko BPGa %2,3 hazi da azken hiru hilabeteetan

Eustaten datuek diote lan merkatua ere hazi egin dela. Iazko epe berean baino 13.000 lanpostu gehiago daude aurten

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 3a - 10:31

Eustatek eskainitako azken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako BPG metatuta %2,3 hazi da aurtengo hirugarren hiruhilekoan, 2024ko epe beraren aldean. Hala, euroguneko ekonomiarako (%1,4) eta Europar Batasun osorako (%1,6) egindako azken estimazioaren gainetik dago EAE. Horrekin batera, 2025eko bigarren hiruhilekoarekin erkatuz gero, BPGak %0,6 egin du gora hiru lurraldeetan.

 

Ekonomia hazi egin da, hortaz, EAEn, eta baita lan merkatua ere. Estatistika erakundeak azaldu duenez, enplegua %1,4 handitu da 2025eko hirugarren hiruhilekoan, iazko epe beraren aldean. Aurtengo bigarren hiruhilekoaren aldean, berriz, %0,2 egin du gora. Horrek esan nahi du orain dela urtebete baino 13.450 lanpostu garbi gehiago daudela egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eskaintzari dagokionez, balio erantsiaren bilakaera positiboa izan dela ondorioztatu du Eustatek, bai urte arteko terminoei dagokienez (2025eko hirugarren hiruhilekoa, 2024ko hirugarren hiruhilekoarekiko), bai hiruhileko arteko terminoei dagokienez (2025eko hirugarren hiruhilekoa, 2025eko bigarren hiruhilekoarekiko), sektore ekonomiko guztietan, lehen sektorean izan ezik.

 

Lehen sektoreak balio erantsiaren %1,5eko jaitsiera izan du aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, eta % 0,9koa aurreko hiruhilekoaren aldean.