EAEko ekonomia %1,5 haziko da aurten, espero baino gutxiago

2024an beste %2,1 igotzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Bi ekitaldietan 10.000 enplegu sortzea espero du

Barredo, Azpiazu eta Ansuategi prentsaurrekoan | Argazkia: Irekia Barredo, Azpiazu eta Ansuategi prentsaurrekoan | Argazkia: Irekia

Eusko Jaurlaritzak sei hamarren jaitsi du duela sei hilabete iragarritako aurreikuspen ekonomikoa, eta aurten Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia %1,5 haziko dela iragarri du. Are gehiago 2024an, beste %2,1 igotzea espero baitu.

Eustat Euskal Estatistika Institutuak emandako azken datuak eskuan egin du iragarpena Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Iñaki Barredo Ekonomia eta Europako Funtsetako sailburuordea eta Alberto Ansuategi Ekonomia eta Plangintza zuzendaria alboan dituela.

Aurreikuspenen arabera, 2023 eta 2024ko ekitaldietan 10.000 enplegu sortuko lirateke, eta langabezia tasa %8,2koa izango da 2023an eta zertxobait txikiagoa, %8koa, 2024an.

“Ikuspegi kontserbadore eta zuhurra erabiliz egin ditugu aurreikuspenak, Europako Banku Zentralak interes tasak igotzen jarrai dezakeela eta horrek hazkundea oztopatuko duela kontuan izanda”, adierazi du Azpiazuk. Hala ere, Jaurlaritza jakitun da Europako Funtsak aurten bertan hasiko direla egun sozioekonomikoetara iristen, eta horiek Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundeari lagun diezaioketela.

Hori horrela, “baikortasun apur bat” eman dietela adierazi du Ekonomia eta Ogasun sailburuak. “Euskal Autonomia Erkidegoko urteko saldoa oso positiboa izan da, BPGaren batez besteko hazkundea %4,4koa izan baita”, gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK