Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina %0,6 hazi da 2024ko lehen hiruhilekoan, 2023ko azken hiruhilekoaren aldean, eta enpleguak %0,5eko igoera izan du epe berean. 2023ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero, %1,7 igo da BPGa eta enplegua, berriz, %2. Era berean, 19.349 lanpostu berri sortu dira EAEn azken hiru hilabeteetan, Eustat euskal estatistika erakundeak emandako datuen arabera.
Jarduerak, oro har, gora egin du EAEko ekonomiaren sektore nagusietan, baina aurreko hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino erritmo apalagoan. Igoera nabarmenenak honako hauek izan dira: administrazio publiko, hezkuntza, osasun eta gizarte-zerbitzuen adarrean, urte arteko hazkunde-tasa %3,2 izan da eta zerbitzuen sektorean %2,2.
2024ko lehen hiruhilekoan EAEko ekonomiarako zenbatetsitako urte arteko hazkundea, eurogunean eta Europar Batasun osoan baino nabarmen handiagoa den arren, Espainiako ekonomiakoa baino zazpi hamarren txikiagoa da.
BPGak lurraldeka izan duen bilakaerari dagokionez, Arabak urte arteko %1,2ko tasa du urteko lehen hiruhilekoan, Bizkaiak %1,7koa eta Gipuzkoak %1,9koa. Aurreko hiruhilekoaren aldean berriz, BPGa %0,7 handitu da Araban eta Gipuzkoan, eta %0,6 Bizkaian.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta