• EKONOMIA
  • EAEko ekonomia %2,4 hazi zen iazko azken hiruhilekoan

EAEko ekonomia %2,4 hazi zen iazko azken hiruhilekoan

2025ean %2,3 hazi da BPGa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Enplegua, aldiz, %1,4 handitu da

Miker Torres gaurko agerraldian | Eusko Jaurlaritza
Miker Torres gaurko agerraldian | Eusko Jaurlaritza
2026eko martxoaren 6a - 12:21

Eustat estatistika erakundeak 2025eko azken hiruhileko emaitza ekonomikoak eman ditu gaur argitara, baita 2025 urte osokoak ere. Iazko azken hiru hilabeteetan, %2,4 hazi zen EAEko Barne Produktu Gordina, 2024ko epe beraren aldean. 2025eko hirugarren hiruhilekoarekin erkatuta, %0,5 handitu zen ekonomia jarduera.

 

Halaber, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako enplegua %1,4 hazi zen 2025eko laugarren hiruhilekoan, 2024ko epe beraren aldean. Hiruhileko batetik bestera, berriz, hazkundea %0,4koa izan da.

Eraikuntzaren, zerbitzuen eta industriaren balio erantsia, 2024ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, %4,9, %2,8 eta %0,9 igo da, hurrenez hurren. Lehen sektorea, aldiz, %1,2 jaitsi da.

 

Era berean, Eustaten arabera, 2025ean EAEko BPGa %2,3 hazi zen, eta enpleguak %1,4 egin zuen gora. Lurraldeen arabera, bizkaiko eta gipuzkoako ekonomia %2,3 hazi zen, eta Arabakoa %2,2.

Mikel Torres Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak datuon balorazioa egin du. Bere hitzetan, “euskal ekonomia Europako batez bestekoa baino gehiago ari da hazten, inbertsioa bultzatzen du eta lehen aldiz Gizarte Segurantzan milioi bat kotizatzaile izatera iritsi da”.

Azaldu duenez, iaz, “erresistentzia eta egokitzapen gaitasun nabarmena erakutsi du” ekonomiak. “Ekonomia irekietarako bereziki zorrotza izan den urte honetan, Euskadik hazkunde sendo eta iraunkorra mantendu du”, esan du.