
Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren kostuak 2022ko martxoan baino %7,1 garestiagoak dira orain, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jakinarazitako azken datuen arabera. Hala ere, zertxobait jaitsi dira aurtengo otsailetik martxora, %0,1eko jaitsiera izan baitute eraikuntzaren kostuek, bai obra zibilekoek eta baita etxegintzakoek ere.
Urte arteko terminoetan, lehengaiek kostua %8,6 igo da, eta eskulanarena %2,1. 2023ko otsailarekin alderatuta, berriz, lehengaien kostuak %0,2 egin du behera hilabetean eta eskulanarenak ez du aldaketarik izan. Zehatzago esanda, etxegintza sektorearen lehengaien kostuak %8,7 igo dira urtebetean, eta obra zibilarenak %8,5. Halaber, etxebizitzaren lehengaien prezioak %0,1 jaitsi dira hil batetik bestera, eta obra zibilarenak %0,5.
Eraikuntzaren sektorean kontsumitutako lehengaien prezioen igoerarik handienak mineral ez-metalikoetan (%17), zuraren eta kortxoaren industrian (%16,1), mineral ez-metalikoen industrian (%15), eta kautxu eta plastikoan (%12,8) izan dira. Lehengaien prezioak jaitsi egin dira energia elektrikoa eta gasaren sektorean (-%17,6), eta petrolioa fintzean (-%14,7).